Atzo, osteguna, Kirol Gala izan zen Modelo aretoan, eta Zarauzko Udalak 2018. urteko Kirol Sariak banatu zituen. Xabier Euzkitzek bete zituen aurkezle lanak, eta Iban San Martin Kirol zinegotziak ere hartu zuen sari banaketa hasi aurretik.
Aurtengoan, Nadia Erostarbe surflariak eta Mikel Lopetegi harri-jasotzaileak eskuratu dute kirolari onenaren saria. Une honetan Erostarbe kanpoan dagoenez, bere ahizpa June Erostarbek jaso zuen garaikurra atzo. Lopetegik, aldiz, saria jasotzearekin batera, eskerrak eman zizkien "gogoan" izan duten guztiei.
Hondartza futboleko neska taldeetako kideak ere izan ziren Kirol Galan, emakumezkoen talde onenaren saria eskuratu baitute aurtengoan. Katixa taldeko Olatz Unzuetak hartu zuen hitza. "Txingorra, euria, eguzkia edo haizearekin, gustura joaten gara hondartzara, futbolean jokatzera", adierazi zuen.
15 urte hauetan hondartza futboletik "talde asko" pasatu direla azaldu zuen, eta 2017. urteko irailean jazotakoa oroitarazi zuen: "2017ko iraila. Liga zehazteko bilera. Emakumezkoen hiru talde: Kupela, Kebidek eta Katixa". "Honek ezin du desagertu" erabaki zutela kontatu du Unzuetak: "sare sozialetan martxan jarri" eta parte hartze adina 16 urtera jaisteko eskatu zuten. Horrela batu ziren beste hiru talde, Sakana, Lukas eta Balearri-Elkano, eta aurten, bi talde gehiago sortu dira, Talaimendi eta Euskalduna: "eta gaur, hemen gaude zortzikotea", gehitu zuen Unzuetak.
Gizonezkoen talde onenaren saria, berriz, Badok 13 taldeko arraunlarientzat izan zen. Irabazitako banderekin igo ziren oholtza gainera, eta Edu Mugertzak eskerrak eman zizkion herri osoari: "Mila esker Zarautz, aurten ere ondo aritzen saiatuko gara".
Ana Calvo gimnasia erritmikoko entrenatzaileak jaso zuen entrenatzaile onenaren saria, eta urte hauetan guztietan berarekin izan diren haur guztiei eskaini zien. Kirol babesletzaren saria Txanela eta Kupela tabernentzat izan da aurten, eta Kirol Galan taularatu zen Jimmy Algaba. Berarekin futbol taldean aritu ziren Juan Angel Arruti eta Jose Inazio Zaldua gogoratu zituen. Bestalde, Enrike Kortajarena halterofiliako entrenatzaileak jaso zuen Kirola bizi saria.
Uyarra eta Izulain gogoan
Kirol Sariak banatzeaz gain, orain hilabete batzuk zendu ziren bi zarauztar oroitu zituzten atzoko galan: Bittor Uyarra eta Igor Izulain. Zarauzko Triatloiaren antolaketa lanetan jarduten zuen Uyarrak, eta herriko triatloi taldea sustatzen zuen babesle moduan. Izulainek tenis eskola jarri zuen martxan, eta tenis zein golf jokalaria zen. Kirol Galara bertaratu ziren bien senideak, eta beren esker ona adierazi zuten aipamen bereziarengatik eta omenaldiarengatik.