Duela 40 urte hasi zen gimnasia erritmikoko entrenatzaile lanetan Ana Calvo. Bere gimnasta garaia igaro ondoren, Arrasaten hasi zen bertako gimnasia erritmikoko taldeaz arduratzen eta, ondoren, Ermua, Eibar eta Zumaian ere aritu zen lanean. Duela 25 urte, Zarauzko Xingola gimnasia erritmikako taldea entrenatzen hasi zen, eta horretan jarraitzen du gaur egun. Entrenatzaile onenaren saria emango diote Calvori gaurko Kirol Sarien Galan. Berria jaso zuenean "harrituta" geratu zela azaldu du Calvok: "Ez nuen horrelakorik espero". Bere izena proposatu eta bozkatu zuten herritar guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie, egindako aitortzagatik.
Entrenatzaile lanetan gozatu egiten du Calvok, bereziki, umeekin. "Bestelako gauzak egiteko aukerak izan ditut, baina beste edozer baino gehiago, haurrak entrenatzea gustatzen zait gehien; plazer handia da niretzat". 40 urte entrenatzaile lanetan igaro ostean, askotariko egoerak bizi izan ditu. "Batzuetan olatuaren gailurrean egon izan gara, baina une oso txarrak ere izan ditugu". Azken horiek atzean uzten ikasi du Calvok, eta kirolaren alde positiboarekin geratzea gustatzen zaio.
Eskola kirola lantzen dute Xingolan. 4 urtetik 17 urtera bitarteko ume eta gazteak entrenatzen aritzen da Calvo, aste osoan zehar, Aritzbatalde kiroldegiko pilotalekuan. "Xingolaren lehen helburua haurrek gimnasia erritmikoa ezagutzea eta kirolaz gozatzen ikastea da". Horretarako, urtean jendaurreko bi emanaldi eskaintzen dituzte, Aritzbatalden bertan. Bat Gabonetan, eta bestea uztailean, ikasturtea amaitu ondoren. Ikuskizun hauetan eskolako haur guzti-guztiek hartzen dute parte.
Horiez gain, lehiaketetan parte hartzeko dohaiak dituzten gimnastak aukeratzen dituzte, eta entrenamendu espezifikoagoak egiten dituzte haiekin. "Lehiatzeko beharrezkoa da baldintza batzuk betetzea", azaldu du Calvok.
Gailurreraino bidea
Gutxi batzuk, eskola kiroletik harago iristen dira. Horietako kasu bat da Calvok entrenatutako Anne Lezearena. Tolosako Gimnasia Elkartean aritzen da Lezea egun. 17 urteko zarauztar gazteak taldekako Espainiako Txapelketan bigarren postua lortu zuen pasa den abenduan, eta hala, datorren denboraldian, profesionaletan, punta-puntako mailan lehiatzeko txartela eskuratu zuen. Bera izango da lehen mailan lehiatzeko aukera izango duen lehenengo gimnasta zarauztarra.