Nadia Erostarbe: "Niretzat ohorea da bi europar sailkatu munduko txapelketara, eta bat neu izatea"

0nintza Lete Arrieta 2018ko abu. 29a, 13:19

Surflari zarauztarra, Galizian Europako txapeldun izendatu ostean (Argazkia: Alex Postigo)

Igandean eskuratu zuen Nadia Erostarbek (2000, Zarautz) Europako junior zirkuituko txapela. Atzo goizean aparretan zela hitz egin zuen HITZArekin, eta baita emozionatu ere, azaltzean zenbat ari zaion ematen bost urte zituenetik egiten duen kirola.

Galizian eskuratu zuen garaipena, eta han jarraitzen du egunotan, orain maila absolutuko Pantin Classic txapelketan, «munduko surflari onenekin lehian, QS 6.000ko proba baita».

Munduko junior txapelketara sailkatzea zen zure helburua, eta lortu duzu, Europako txapela eskuratuta.
Oso pozik nago eta asko prestatuko naiz horretarako, agian edukiko dudan txapelketa garrantzitsuena izango baita. Europa osotik bi bakarrik sailkatu, eta horietako bat neu izatea, ohorea da.

Orain munduko onenekin ari zara lehian, Galizian, QS 6.000koa egiten. Etorri da bereziki gustuko duzun surflaririk?
Ia denak ditut gustuko; inspirazio iturri dira niretzat. Gainera, egokituko zait lehiatzea txikitan nire idoloa zen neska baten aurka: Coco Ho. Izugarria iruditzen zait berarekin lehiatzea.  

Igandean hasi zinen lehian. Nola ikusten duzu zeure burua?
Surfa egiteko gogotsu nago, ahalik hoberen egin nahi dut eta erakutsi nahi dut nire surfa. Igandeondo ikusi nuen neure burua.

Helbururik bai?
Urtea amaitu nahi nuke munduko rankingean Top 50ean sartuta, absolutuetan. Zaila da, baina ahalik eta ondoen egingo dut lana, eta ea txapelketa honetan ondo aritzen naizen, puntu asko baitago jokoan.

Azken urtea duzu juniorretan.
Bai. Batetik badut gogoa absolutuetan ibiltzeko, eta QSak egiteko, honetan jarraitu nahi badut egin egin behar ditudalako; baina bestetik, orain lagunak ditudan askok ez ditu egingo nik bezainbeste txapelketa, eta horrek ematen dit pena.

Hortaz, surfean burubelarri ikusten duzu zeure burua hemendik hamar urtera ere, ezta?
Oso-oso zaila da, eta ez ditut utziko ikasketak. Orain hasi eta 2019a osoa surferako bakarrik izango da, etena egingo dut, baina gero ikasten jarraituko dut. Surfa hor egongo da, baina edozer gauza gertatuta ere, beti eduki behar dira ikasketak.

Marka babeslerik baduzu?
Babesle handienak nire ama eta aita dira, behintzat diru gehien ematen didatenak txapelketetarako. Surfeko trajeak ematen dizkit Xcel-ek, eta batzuetan baita arropa eta oinetakoak ere Vans-ek. Baina ez daukat babeslerik. Betidanik jakin dut urte bat hartuko nuela surfean aritzeko, eta dirua aurrezten aritu naiz. Diru hori guztia urte honetan gastatuko dut, eta bake pixka bat emango diet amari-eta.

Zein dituzu hurrengo hitzordu eta helmugak?
Irailaren 4an 1.500 puntuko txapelketa bat hasiko da Marokon, eta horra joango naiz. Hortik jarraian Japoniara joango naiz Espainiako Selekzioarekin. Munduko txapelketa antolatzen du Nazioarteko Surf Elkarteak (ISA International Surfing Association), open mailakoa da, eta hiru neska eta hiru mutil goaz Espainiako Selekzioarekin. Euskaldunak gara hirurok: Garazi Sanchez, Leticia Canales eta neu.

Herrian bertan jokatzen da Zarautz Pro bezalako proba bat.
Niretzat kristoren txapelketa da. Txiki-txikitatik aritu naiz lehiaketa ikusten, eta lehen mutilena bakarrik zenez, beti pentsatzen nuen nik nola edo hala hartuko nuela parte bertan, neska izan arren. Oso ondo dago orain guk ere parte hartu ahal izatea.

Julen Lasa zarauztarrak entrenatzen zaitu orain urtebetetik.
Bai, eta egia esan, izugarri hobetu dut surfean. Zentzu guztietan aldatu naiz, eta askoz hobeto nago. Sekulako babesa da norbait egotea beti zuri laguntzen. Galizian ere ondoan izan dut, eta polita izan zen bera hemen egotea Europako txapeldun izendatu nindutenean.  

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide