Izan zaitezke kirolari fina nahiz kirolzale amorratua, baina lotura handirik ez eduki herriko kirolarekin, hura babesteko eta bultzatzeko konpromisoarekin. Askori gertatzen zaie; ez, ordea, Igor Izulaini eta Bittor Uyarrari. Maite zuten kirola, eta maite zuten herria. Eta horregatik gaur gogoan izango dituzte 2018ko Kirol Galan. Aurtengo aipamen berezia beraientzat delako, Zarauzko kirolaren alde egindako lan guztiagatik.
Iaz hil ziren biak, orain hilabete gutxi, eta azkenera arte aritu ziren gehien maite zutena bultzatzen. Uyarrak Zarauzko Triatloia antolatzen laguntzen zuen, eta herriko triatloi taldea bultzatzen zuen, babesle gisara (Codeam taldea). Izulainek, berriz, tenis eskola jarri zuen martxan, eta berak ere jokatzen zuen. Golfean ere aritu izan zen, eta maila onarekin, gainera.
Zigor Saizar da Zarauzko triatloi elkarteko kideetako bat, eta Uyarraren izaera goraipatu du. "Asko maite zuen taldea, eta taldekidetzat sentitzen genuen geuk ere askotan, halakoxea zelako bere izaera. Babesle bat baino gehiago sentitzen genuen". Herriko eragiletzat du Saizarrek. Izan ere, gogorarazi du Haur Kultur Taldea sortu zuela eta kantagintzan ere ibili zela, "beti bere izaera jarrita".
Iñaki Uyarra semeak, berriz, azpimarratu du triatloiagatik baino, Zarauzko taldea zelako hasi zela babesten triatloi taldea. "Bera talde zalea zen, eta triatloia bakarkakoa da, baina gero konturatu zen nolako giroa zegoen eta bazela talde bat". Elkarteak Zarauzko Triatloia antolatzen lan handia egiten duela azaldu du semeak, eta aitarentzat hori oso garrantzitsua zela uste du. "Taldeak konpromiso handia du herriko proba hori antolatzen, eta uste dut horrek lotu zuela gure aita".
Txapelketa, Izulain gogoan
Igor Izulain tenisean nahiz golfean aritzen zen, eta tenis arloan ezagutu zuen Ibai San Sebastianek. Orain lau bat urte ezagutu zuten elkar, Gipuzkoako afizionatu mailako zirkuitu baterako Zarauzko taldea atera zutenean. Ordutik elkarrekin ibili izan dira. "Ikusi genuen gazteen mailan hutsune bat zegoela herrian, eta tenis elkarte bat sortu genuen: Bola Kontrola". San Sebastianek azaldu du Izulain zela arduraduna, eta hainbat formakuntza titulu eskuratuta zituela.
Golfean ere betitik aritu izan zen, Iñigo Iriondoren arabera. Hamalau bat urterekin hasi, eta 22 urterekin profesional izatea lortu zuen, "eta oso-oso ona izan zen; hemen egon den maila altuenetako bat izan du". Zarauztarrentzat "erreferentea" izan zela azpimarratu du. "Asko bizi zuen, asko entrenatzen zuen, oso langilea izan da eta lortu zuen guztia berak bakarrik lortu du".
Hain zuzen, etzi Pro-am golf txapelketa jokatuko dute Izulainen omenez Zarauzko Golfean. Scramble Handicap modalitatean, talde profesional batek eta lau amateurrek hartuko dute parte, eta gaur bertan amaituko da izena emateko epea. Parte hartu nahi duenak info@golfzarautz.com helbidera idatzi beharko du.