Faborito nagusia Aimar Irigoien zen, baina zure izena ere bazebilen zenbait ahotan.
Hala da, bai. Dena den, banekien oso lan zaila izango nuela. Ez nuen uste halakorik egiteko gai izango nintzenik. Irigoienek ezarritako marka gainditu nuen gainera, eta horrek, poz gehigarria ematen du, noski.
Lau harri desberdin altxatu behar izan zenituen igandean. Zeinekin aritu zinen erosoen?
Guztiekin jardun nintzen gustura, baina lauretatik bat aukeratu behar banu, 125 kiloko zilindro-kopa aukeratuko nuke.
Garrantzitsua al da Euskadiko Txapelketa irabaztea?
Niretzat, dagoen txapelketarik garrantzitsuena da. Harri-jasotzaileok ere mota desberdinetakoak gaude, eta harri txikiekin ibiltzen garenontzat igandekoa huts egin ezinezko zita zen.
Gailurrera iritsi zara, beraz.
Hala dirudi. 22 urte dauzkat eta jarraituko dut harriak jasotzen, baina behin zenbaki hauetara iritsita, ez dut uste askoz urrunago iritsiko naizenik. Orain atseden apur bat hartuko dut, datorren urtean berriro gogor entrenatzen hasteko.