Hirugarren greba eguna dute gaur Zarauzko IATko langileek

Enara Ariznabarreta

Zarauzko IATko langileak gaur goizean. (Enara Ariznabarreta)

Itasua enpresako Zarauzko eta Bergarako langileek grebarekin aurrera jarraitzen dute, lan baldintzetan "aurrerapausoak" lortzeko helburuarekin. Gaurkoa dute iragarritako hirugarren greba eguna. "Egoera desblokeatzen ez bada", uztailaren 13tik aurrera greba mugagabeari ekingo diote.

Gaur dute Zarauzko IATko langileek hirugarren greba eguna. Zarauzko zentroaren aurrean bildu dira goizean langileak, ELA sindikatuaren hitzetan, "lan baldintzetan aurrerapauso garrantzitsu bat ekarriko zuen enpresa hitzarmen bat sinatzeko helburuarekin". Izan ere, sektore berean lan bera egiten duten langileen artean "berdintasuna eta justizia" lortzea nahi dute. 

Enpresak Gasteizko hiru ordezkarirekin "eraginkortasun mugatuko akordioa" sinatu badu ere, beharginek salatu dute akordio hori ez dela Itasua enpresako langile guztien ordezkaritzarekin adostu. Hain justu ere, Zarauzko langileek ez dute akordio horrekin bat egin, eta "negoziazio mahaira itzultzea eta benetako akordio justu bat lortzea" da beraien nahia. Halaber, enpresak akordio baterako borondate "eskasa" erakutsi duela salatu dute.

ELA sindikatuak hiru greba egun iragarri zituen Zarauzko IAT zentroan. Joan zen ekainaren 29a egin zuten lehen greba eguna, eta, asteazkenean, bigarrena; Bergaran (Gipuzkoa) egin zuten protesta, Zarauzko langileek hango IATko langileekin batera. Gaurkoa izan da hirugarren eguna, eta ELAk esan duenez, uztailaren 13tik aurrera greba mugagabeari ekingo diote "egoera desblokeatzen ez bada".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide