Zarauzko IATko langileek greba mugagabera joko dute uztailaren 13an

Nerea Uranga 2026ko uztailaren 1a

Zarauzko IAT itxita joan den astelehenean. (Ekaitz Etxabe)

"Negoziazioetan benetako aurrerapausoak emateko eta lan baldintza hobeak eskatzeko" protestak hasi dituzte Itasua enpresaren Zarauzko eta Bergarako IAT zentroetako langileek. Joan den astelehenean greba egin zuten, eta aurreko astetik deituta dituzte lanuzteak hilaren 8rako eta 10erako. Orain, enpresarekin negoziazioak "blokeatuta" daudela-eta uztailaren 13an greba mugagabera joko dutela iragarri dute.

Zarauzko eta Bergarako IAT zentroetako langileek uztailaren 13an greba mugagabera joko dutela iragarri dute gaur, asteazkena. ELA eta LAB sindikatuek adierazi dutenez, Gipuzkoako beste IAT zentroetako langileen aldean lan baldintza kaskarrak dituzte Itasuako langileek: "Gipuzkoako beste IAT zentroetako langileen funtzio berdinak betetzen dituzte Zarauzko eta Bergarako IAT zentroetako beharginek, baina lan baldintza okerragoak dituzte, soldatetan, lanorduetan eta bestelako lan baldintzetan alde handiak daude batzuen eta besteen artean".

Enpresaren ordezkariekin zazpi bilera egin dituztela adierazi dute Zarauzko eta Bergarako IATko langileek, baina "blokeatuta" dago kontua. Lan baldintza hobeak exijituz lanuzte mugagabera jotzea proposatu du enpresa batzordeak, eta bi IAT zentroetako langileen asanbladak proposamena babestu du. "Langileen baldintzak hobetu behar dira, eta enpresak badu gaitasun ekonomikoa langileen aldarrikapenei erantzuteko. Hori dela eta, negoziazioetan benetako aurrerapausoak ematea eta lan baldintzak duintzea eskatuz lanuzte mugagabera joko dugu", adierazi dute bi IAT zentroetako enpresa batzordeak.

Greba mugagabera deitu aurretik, hiru greba egun iragarri zituzten Zarauzko IAT zentroan. Astelehenean (ekainaren 29an) egin zuten aurreneko lanuztea, uztailaren 8rako dute bigarrena deituta eta uztailaren 10erako iragarri zuten aurreko astean hirugarren lanuzte eguna. Orain, baina, uztailaren 13tik greba mugagabea deitu dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide