ELA sindikatuak hiru greba egun iragarri zituen Zarauzko IAT zentroan. Pasa den ekainaren 29a izan zen lehen greba eguna eta, gaur, bigarrena. Lehen egunean bezala, Zarauzko beharginek Bergaran (Gipuzkoa) egin dute protesta, bertako IATko langileekin batera. 10:00etan eman dute prentsaurrekoa, langileak pairatzen ari diren egoera azaltzeko helburuarekin.
ELA sindikatuak nabarmendu duenez, helburu "argi" batekin hasi zuten negoziazioa enpresarekin: "lan baldintzetan aurrerapauso garrantzitsu bat ekarriko zuen enpresa hitzarmen bat sinatzea". Izan ere, sektore berean, lan bera egiten duten langileen arteko "berdintasuna eta justizia" bilatzen dute.
Hala ere, negoziazio prozesuan zehar, "enpresak benetako akordio baterako borondate eskasa erakutsi du". Enpresak Gasteizko hiru ordezkarirekin "eraginkortasun mugatuko akordioa" sinatu badu ere, "akordio hori ez da Itasua enpresako langile guztien ordezkaritzarekin adostu". Hain justu ere, Zarauzko langileek ez dute akordio horrekin bat egin, eta "negoziazio mahaira itzultzea eta benetako akordio justu bat lortzea" da beraien nahia.
Egoera aldatu ezean, greba mugagabea
Gauzak horrela, mobilizazioekin "aurrera" egitea erabaki dute. Ekainaren 29a izan zen lehen greba eguna, gaur dute bigarrena eta uztailaren 10a izango da hirugarrena. Hala ere, sindikatuak jakinarazi duenez, "egoera desblokeatzen ez bada", uztailaren 13tik aurrera "greba mugagabe bati" ekingo diote.
Amaitzeko, gatazka konponbidean jartzeko "garaiz" dagoela jakinarazi dio sindikatuak enpresari, eta "langileen gehiengoaren ordezkariekin negoziatzera itzul dadila, eta benetako akordio baten aldeko urratsak eman ditzala" eskatu dio. Berririk ezean, "argi" daukate "greban" jarraituko dutela "merezi" dituzten lan baldintzak bermatuko dituen hitzarmena lortu arte.