ELA sindikatuak pasa den astean iragarri zuen moduan, hiru greba egun egingo dituzte Zarauzko IAT zentroan. Gaur, astelehena, da greba egun horietako lehenengoa. 08:00etan grebaren berri ez zeukaten hainbat bezero hurbildu da zentrora, baina azkenean, alde egitea erabaki dute, langilerik ez eta lantegia itxita zegoelako. Izan ere, Itasua enpresak kudeatzen du Zarauzko lantegia, Bergarakoarekin (Gipuzkoa) batera, eta Zarauzko beharginek ere bat egin dute greba deialdiarekin. Gauzak horrela, Zarauzko lantegiko langileak Bergarara joan dira goizean, eta bertan egin dute protesta, hango langileekin batera, Hitzarmen duin baten alde, Itasua borrokan lelopean.
Langileen akordioa berritzeko negozioak etenda egotea da grebaren zergati nagusia. ELA sindikatuaren arabera, inguruko herrietan funtzio berdinak betetzen dituen konpetentzia den enpresako langileek dauzkaten "lan baldintzak parekatzea" da Zarauzko IATko langileek lortu nahi dutena. Izan ere, enpresa horretako langileek dauzkaten lan baldintzetatik "oso urruti" daude Itasuako langileak. Beste bi greba egunak uztailaren 8an eta 10ean izango dira.