Literaturian murgilduta dabiltza Zarautzen. Ostiralarekin ekin zioten euskal letren plazari, eta larunbatez zein igandez jarraituko dute ekintzek. Gaurkoa egitasmoaren bigarrengo eguna da, eta jende ugari bertaratu da Lege Zaharren Enparantzara, Literaturiaren sustatzaileek atondu duten gunera. Karparako sartu-irtenak nabariak izan dira, bai liburu azoka bisitatu eta libururen bat erosteko, baita idazleen aurkezpen saioak entzuteko ere. Dena den, eguerdiko ekitaldi nagusia Garoa liburu dendari egindako aitortza izan da. Ahotseneako gunean jaso dute Literaturiaren omenaldia Garoako arduradunek, Imanol Agirre aita-semeek. Hitzordurako mukuru bete da gunea. Familiako kideak, literatur arloko jendea, herritarrak nahiz gertuko lagunak elkartu dira bertan.
Literaturiako kide Itziar Iruretagoienak eman die oroigarria. Iruretagoienak Garoaren hastapenak eta urte luzez egindako ekarpena nabarmendu nahi izan ditu. Haren hitzetan 1973an Garoa sortu zutenean, ez zuten liburu denda bat bakarrik ireki, "kulturaren eta literaturaren maitaleentzako etxe bat eraiki zuten. Jarraian, Agirrek hartu du hitza, eta esker mezuak izan ditu proiektua abiatu zuen aitarentzat nahiz gaur egun bidelagun dituen guztientzat. Nabarmendu du gaurkoa eskerrak emateko eguna izan dela.
Garoako kideak ez ezik, Literaturiaren antolatzaileak ere pozik agertu dira aurtengo aldiak izan duen harrera ikusita. Adierazi dutenez, aurtengoa azken urteetako jendetsuena izaten ari da. Karpara ez ezik, Modelo aretora ere iritsi da literatura. Larunbateko lehen hitzorduan, podcastak izan dituzte hizketagai Ainhoa Etxebestek, Xabier Gantzarainek, Garazi Urkolak eta Xabier Etxeberriak. Entzuteko liburuak izenburupean aritu dira, gaur egun audio-liburuek eta bestelako audio edukiek duten harreraz, formez eta egiteko moduez, besteak beste.
Gaur arratsaldean eta igandean jarraituko dute Literaturiaren barruko ekintzek. 18:00etan, Enplego zoriontsuago bat emanaldia eskainiko dute Iñigo Astiz eta Eñaut Elorrietak. Eta egunari amaiera borobila emateko, bertso saio "espekulatiboa" izango da areto horretan. Unai Iturriaga, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina izango dira oholtza gainean, Leire Vargas saioaren gidariarekin batera. Sarrera 8 eurokoa izango da.
Bi ekitaldi izango dira igandean, azkenik: Ihes betea zilegi balitz emanaldia eskainiko dute Garbiñe Ubedak, Arantxa Urretabizkaiak eta Olaia Inziartek. Ekitaldia 11:30ean izango da, Santa Klara komentuko elizan. Arratsaldean, 16:45ean, Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez antzezlana eskainiko du Tanttaka Teatroak. Sarrera 4,5 eurokoa izango da.