Jendez mukuru dabil Literaturia. Lege Zaharren Enparantzan atondutako karparako sartu-irtenak nabariak izaten ari dira, bai liburu azoka bisitatu eta libururen bat erosteko, bai idazleen aurkezpen saioak entzuteko. Antolatzaileak ere gustura agertu dira aurtengo euskal letren plazak hartu duen abioarekin. Izan ere, gaur goiz-eguerdikoaz gain, atzo arratsaldean ere irekiera ederra eman zion Ander Lipusek, antzerkiaren aldeko manifestuarekin, eta, jarraian, Formol Laborategiak bere antzerki proposamen ausartarekin.
Gaztetxoen idazketa tailerra, Oier Guillanen eskutik; Ahotseneako liburu aurkezpenak; euskal argitaletxeen postuak eta literatur munduko hainbat lagun, editore eta idazle; entzuteko liburuei buruzko solasaldia... Baina eguerdiko ekitaldi nagusia Garoa liburu dendari eginiko omenaldia izan da. Ahotseneako oholtzara igo dira Literaturiako kide Itziar Iruretagoiena eta Garoako arduradun Imanol Agirre semea, behean, lehen lerroko aulkian Imanol Agirre aita zegoela. Espazioa erabat bete da aitortza gertutik ikusteko, bertatik bertara bizitzeko: familiako kideak, literatur arloko jendea, herritarrak eta Anjel Lertxundi bezalako lagunak.
Iruretagoienak azpimarratu duenez, Florrek eta Imanolek 1973an Garoa sortu zutenean, ez zutela liburu denda bat bakarrik ireki, "kulturaren eta literaturaren maitaleentzako etxe bat eraiki zuten baizik". Harrezkero, Garoa topagune bihurtu dela nabarmendu du, "irakurleen, idazleen eta sortzaileen arteen elkarrizketa eremua" eta "ideien trukerako espazioa". Kultur ekitaldien aurkezpenak antolatu dituztela zehaztu du, eta Literaturiari hasieratik arreta eta laguntza eman diola eskertu du, "zuen konpromisoaren eta eskuzabaltasunaren adierazgarri". Bukatzeko, ezinbestekotzat jo du Garoaren lana Zarauzko kultur bizitzan.
Jarraian, Literaturiako kideak oroigarria eman dio Imanol Agirre semeari, eta txalo zaparrada beroa bezain luzea lehertu da. Semeak oroigarria aitari luzatu dio besarkada batekin, momentu hunkigarria sortuz. Giroa lasaitu denean, semeak hartu du hitza, eta aitortzari buruzko anekdota bat kontatzeari ekin dio. "Atzo semeari omenaldiarena kontatu nionean, hark galdetu zidan: Baina bukatu egiten al da ba? Itxi egiten al da? 'Eskerrik asko' esateko modu bat zela esan nion".
Zentzu horretan, eskerrak eman nahi izan dizkie Literaturiako eragileei, idazleei, argitaletxeei, editoreei eta, batez ere, irakurleei, "haiengatik ez balitz bide hau ez litzateke posible izango". Liburu dendako lankide guztiak izan ditu gogoan, eta "hau ezinezkoa izango zen aitak eta amak hasiera ez bazioten eman, eta nire anaia ondoan egongo ez balitz".
Sekretu batekin amaitu du hitz hartzea, esanez txikitan idazleak miresten zituela, eta haiek idatzitakoak etxe batean bukatzen zutela, apalategi edo mesanotxe batean. "Garai batean, liburu barruan idatziz jartzen zen haren prezioa, eta hori nire gurasoek hartzen zioten. Eta nik nolabaiteko ilusioa egiten nuen nire gurasoen idatzi haiek jendeen etxeetara joaten zirela". Amaieran, familia argazkia atera dute agirretarrek Literaturiako karpa aurrean.