AP-8 autobideko irteerako biribilgune berritik Abendaño industrialdera doan saihesbideko lehen zatia zabalik dago lehengo astetik. Bide berriak herritik pasatzen den trafiko astuna arintzea du helburu. Guka kalera atera da aldaketa horien inguruan herritarrek duten iritzia jakitera.
Bergarako eta Zarauzko Itasua IATko langileek 80 egun baino gehiago daramatzate greba mugagabean, eta atzo aldarrikapenak kalera atera zituzten Borroka da bide bakarra! lelopean. Lege Zaharren Enparantzatik abiatu, eta herriko kaleak zeharkatu zituzten lan baldintzak hobetzea eta enpresarekin benetako negoziazioa izatea eskatuz. Beharginek jakitera eman dutenez, gatazka konpondu ezean greban jarraituko dute.
Salbideko jai batzordeak Asto, Lasto, Maritxu eta Bartolo buruhandiak aurkeztuko ditu ostiral arratsaldean, auzoko festen hasierako txupinazoan.
Goiztarrak, Alprojaren emanaldia, orga lehiaketa, Larrain dantza, ttuntturroak eta, oro har, sekulako giroa. Euskal Jai egunak askorako eman du goizean goizetik hasita.
Euskal Astearen barruan, aurten ere fandango eta arin-arin ikastaro irekiak antolatu dituzte, eta atzo egin zuten lehen saioa. Urtero bezala, herritarrak gogoz bertaratu dira Frontoi Txikira dantzaz gozatzera.