Inaxio Illarramendi Zarauzko Udaleko bigarren alkateorde eta PSE-EEko bozeramaile nahiz zinegotziak, larunbatean Hiruputzun gertatutakoaren harira, Udal Gobernuak kaleratutako oharra berretsi du. Hala ere, larunbatean bizitakoaren zehaztapen gehiago eman ditu.
"Kuadrillakoekin musika entzutera" joan zen Illarramendi Hiruputzura, eta "bi pertsona ongietorria ez" zela esatera gerturatu zitzaizkiola adierazi du. "Politikaz hitz egiten" hasi zitzaizkiola ere esan du, eta "bertatik alde egiteko" eskatu ziotela. "Egoera eta esandako modua ikusita, alde egitea erabaki genuen bikotekideak eta biok", nabarmendu du zinegotziak.
Illarramandik aditzera eman du atzo izan zuela Hiruputzuko hormetan agertu ziren pintaketen berri. "Atzo bertan ezabatu zituzten, baina 'Kill Inaxio (PSOE)' zioten pintaketek".
Dena dela, zinegotziak argi utzi nahi izan du ez dituela nahi "kriminalizatu" gaztetxea, bertako kideak eta espazio horretan egiten diren ekintza guztiak. Aitzitik, larunbatean jazotako "ekintza jakin hori gaitzetsi nahi" izan du.
Adierazpenak eta irakurketak
Udal Gobernua izan zen gertakariaren berri ematen aurrena atzo, eta EAJ eta PSE-EE udal taldeek adierazpen bateratua kaleratu zuten Illarramendik larunbatean bizi izan zuen "jazarpena" gaitzetsiz. Gertatutakoa "onartezina" dela adierazi zuten bi alderdiek, eta babesa adierazi zioten Illarramendiri. Ildo beretik, EH Bilduko udal taldeak ere bere babesa adierazi zion PSE-EEko zinegotziari, eta argi utzi nahi izan zuen gaztetxeak espazio "irekiak, askeak eta elkarrenganako errespetuan oinarrituak" direla.
Hiruputzu gaztetxeak gaur goizean helarazitako oharrean, aldiz, "zabaltzen ari diren kontakizun faltsua" gezurtatu nahi izan du. Gaztetxeko kideen esanetan, "ez da egia" PSE-EEko zinegotzi Inaxio Illarramendi larunbatean Hiruputzutik bota zutenik. Era berean, "eraso bat" edo "jazarpena" jasan zuela gezurtatzeaz gain, kontatu dutena "benetan gertatu zenetik oso urruti" dagoela nabarmendu dute. "Iritzi edo kritika bat modu lasaian adierazi zitzaion, eta hori ezin dugu erasotzat jo".