Inaxio Illarramendi udaleko bigarren alkateorde eta PSE-EEko bozeramaile nahiz zinegotziak larunbat gauean Hiruputzu gaztetxean gertatutakoa gaitzetsi du Zarauzko EH Bilduk ere. Zarauzko udal gobernuak eguerdian eman du gertaeraren berri, eta Zarauzko EAJ udal taldearekin adierazpen bateratua kaleratu du zinegotziari babesa adierazteko.
EH Bilduk jakitera eman duenez, "larunbat gauean bi pertsonek gaztetxetik bota zuten" Illarramendi, eta gertaera "onartezina" dela salatu du. Era berean, PSE-EEko zinegotziari "babes osoa" adierazi dio koalizioak, bai aurrez aurre bai ohar bidez.
Gaztetxeak espazio "irekiak, askeak eta elkarrenganako errespetuan oinarrituak" direla gaineratu du udal taldeak, eta "are gehiago, udal espazioa izaki". "Horrelakorik gehiago gerta ez dadila" eskatu du EH Bilduk.