Hiruputzuk "gezurtatu" egin du Illarramendi gaztetxetik bota zutela

Aritz Mutiozabal 2024ko aza. 20a, 10:30

Kontzertua Hiruputzun, larunbat gauean. (Utzitakoa)

"Zabaltzen ari diren kontakizun faltsua gezurtatzeko beharra" ikusi dute gaztetxeko kideek, eta haien esanetan, "ez da egia" PSE-EEko zinegotzi Inaxio Illarramendi larunbatean Hiruputzutik bota zutenik.

Inaxio Illarramendi PSE-EEko zinegotziak larunbat gauean Hiruputzu gaztetxean "jazarpena" jasan zuela salatu zuen atzo EAJko eta PSE-EEko kideek osatzen duten Udal Gobernuak, eta hura "bi pertsonek gaztetxetxik bota" izana gaitzetsi zuen, bere aldetik, EH Bilduren udal taldeak. Batzuen eta besteen adierazpen horien aurrean, Zarauzko Hiruputzu gaztetxeak ohar bat kaleratzeko "beharra" ikusi du "zabaltzen ari diren kontakizun faltsua gezurtatzeko". Gaztetxeko kideen esanetan, "ez da egia" Illarramendi Hiruputzutik bota zutenik, ez gaztetxearen izenean, ezta talde jakin baten izenean ere.

"PSE-EEko kargudun bat bertan zegoela ikustean, beregana hurbildu ziren bi kide, eta modu pertsonalean eta onean adierazi zioten zein zen beraien iritzia, hau da, PSE-EEko kargudun batek ez daukala ze eginik gaztetxean", argitu nahi izan dute.

Era berean, "eraso bat" edo "jazarpena" jasan zuela gezurtatzeaz gain, "benetan gertatu zenetik oso urruti" dagoela nabarmendu dute. "Iritzi edo kritika bat modu lasaian adierazi zitzaion, eta hori ezin dugu erasotzat jo".

"Gezurretan oinarrituta"

Hiruputzuko kideen arabera, "gezurretan oinarritutako kontakizun bat zabaldu dute zinegotzi horrek berak (berak badaki) eta hiru udal taldeek, gertatutakoaz esateko geneukana entzun gabe, eta egiarekiko inongo konpromisorik gabe".

Bestalde, gaztetxekoei iruditzen zaie "naturala eta ulertzekoa" dela PSE-EEko kargudun bat Hiruputzura joanez gero, "norbaitek atentzioa deitzea edo bere desadostasuna adieraztea".  Zentzu horretan, gogora ekarri dute PSE-EE izan dela azken urteetan "gaztetxearen kontrako kanpaina intoxikatzailerik aktiboena" egin duen udal taldea.

Putzuzulo bota behar zutenean, gaztetxe berri bat "egotearen kontra" bozkatu zuen PSE-EEk udalbatzan. "Beraz, ulertzekoa iruditzen zaigu talde horretako kargudun bati adieraztea gaztetxea ez dela bere lekua", arrazoitu dute.

Gutxieneko balioak

Gaztetxea espazio irekia da eta bertako ateak irekita daude, baina argi utzi dute ez dela "espazio huts eta neutral bat". Haien esanetan, gutxieneko balio batzuen gainean eraikita dago, eta oinarri horien artean "garrantzitsuena da gaztetxearen kontrako jarrerarik ez edukitzea eta gaztetxea errespetatzea". Hiruputzuren iritziz, ordea, ez da hori PSE-EEren kasua, "urte luzez erakutsi duen bezala".

Alderdi horretako edonork kritika horietara irekita egon beharko lukeela azaldu dute, "are gehiago modu onean adierazten bazaio". Zentzu horretan, gaineratu dute gaztetxean ageri den pintaketa soberan dagoela, eta ez dutela bat egiten mezuarekin: "Gu izan gara kentzen lehenak, horren berri eduki dugunean".

Lehengora itzuliz, arduragabekeriatzat jo dute larunbatean gertatutakoaren inguruan hedatu diren "gezurrak" eta gogor salatu dute gertakaria erabiltzea "gaztetxea, bi pertsona edo edozein kolektibo seinalatzeko eta kriminalizatzeko".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide