Ezohikoa da atzo iluntzean Lege Zaharren Enparantzan ikus zitekeen irudia. Txistulariak, erraldoiak, txaranga, ehundaka herritar pozez txaloka... ez zen gutxiagorako, Zarauzko traineruak TKE ligarako igoera lortu baitzuen atzo, Portugaleten. Arraunzaletasuna ez da Zarautzen ezaugarririk nabarmenena, baina atzoko lorpenak herritar bat baino gehiago bultzatu zuen zapi urdinari hautsa kendu eta soinean jartzera, arraunlariei merezitako ongietorria egiteko.
Musika Plazan egin zieten harrera lehenik, eta handik joan ziren arraunlariak Lege Zaharren Enparantzara, txistulariekin eta erraldoiekin. Bertan, aurreskua eskeini zieten Jalgi Dantza Taldeko kideek, eta dantzarien artean arraunlari ohi bat ere bazen. Andoni Egañak pare bat bertso bota zizkien balentriagatik zorionduz, eta behin irabazten hasita, laster Kontxa ere irabazterik izango zutela iradoki zuen.
Gaizka Garmendia patroiak hainbat pertsona bereziri eskaini zien lorpena, baina batez ere, Joxe Makazaga elkarteko kide zena izan zuen gogoan. Esker hitzak izan zituen aurtengo denboraldia posible egitea ahalbidetu duten guztientzat, baita herritarrentzat ere. Asteburuan, Bermeora animatzera ia 150 pertsona eta Portugaletera ia 200 joan direla azaldu zuen Garmendiak. Jon Artola elkarteko egungo lehendakaria ere atera zen oholtzara, eta harek ere Makazaga izan zuen gogoan, hunkiturik. Taldeko bi beteranori ere omen txikia egin zien Artolak: Aitor Jauregiri, taldean daraman urte andanagatik, eta Gari Urangari, entrenatzaile lanetan taldeari azken bi urteetan emandakoagatik. Biak gogoz txalotu zituzten herritarrek.
Atzokoarekin amaitu zuten denboraldia Zarauzko arraunlariek. Borobil atera zaie aurtengoa, eta ez dute sari makala izan: hurrengo denboraldian, TKE ligan lehiatzeko aukera izango dute.