"Urte osoko lan on hori bi estropada hauetan atera da, eta horrek balio digu"

Aritz Mutiozabal 2019ko ira. 15a, 14:54

Zarauzko arraunlariak igoera lortu dutela ospatzen (ZAE).

Eusko Label Ligarako txartela lortu du Zarautzek sekulako 'play off'-a jokatuta. Gari Uranga entrenatzailea pozez gainezka agertu da lortutako balentriarekin.

Espero al zenuten play offeko bi jardunaldiak horren biribilak ateratzea?
Diferentziak handixeagoak espero genituen, egia esan, eta Aresek aginduko zuela kanporaketa. Kontxako sailkatze estropadan alde handiak atera zituen, eta teorian gu baino gehiago zela ikusten genuen. Gero, bigarren posturako borrokan ere pentsatzen genuen lehia izango zela, baina ez horren segundo gutxiren aldearekin. Guri dagokigunez, ondo atera zaizkigu gauzak, eta oso gustura gaude egindako lanarekin.

Segundo gutxiren aldea, baina zuek nagusi.
Barrutik eta kanpotik gauzak oso ezberdin ikusten dira. Barruan nahiko lan bagenuen, eta bigarrenari ateratzen genion denbora ere ez zitzagun nahikoa iruditzen. Baina egia da denborak eskuan hartuta, ez dugu erraz esango, baina bai alde txiki batekin eta lasai antzera bukatu dugula estropada.

Hasiera batean zuen helburua zen borrokatzea, baina batez ere gozatzea, inolako presiorik gabe. Azkenean igoera lortu duzue!
Hala da, bai. Ez dut esango nahi gabe lortutako zerbait denik, ez baita horrela. Urte osoa eta uda osoa, eta uda erditik aurrera ere aukerak ikusten genituen play off honetara iristeko. Egia da, ordea, geure buruari presioa kendu behar geniola bai ala bai, gure helburu nagusiak ligan bete ditugulako. Baina tira, behin honaino iritsita, garbi geneukan borrokatu beharra geneukala. Borrokatu eta irabazi. Hitz potoloak diren arren, lortu dugu. Urte osoko lan on hori bi estropada hauetan atera da, eta horrek balio digu.

Zer gertatu da azken estropada honetan? Hegan egin duzue ala?
Bai, eta agian teorian ez zen gure eremu egokiena. Atzoko estropadari baino beldur gehiago genion gaurkoari, ibaian jokatu delako. Ligan ere gure estropada txukunenak itsasoan jokatu ditugu, eta zalantza hori bageneukan. Ilusioz beteta etorri gara, atzoko estropada eta gero motibatuta eta play off-a borrokatzeko asmoz, eta lortu dugu.

Zaletu ugari joan dira zuei animatzera. Zer sentitu duzue urtetatik atera zaretenean?
Gauza handia da. Zarautzen arraunzaletasuna bultzaraztea lortu dugu, eta guztion nahia hori da. Negu osoa entrenatzen igaro ondoren, estropadetan eta batez ere horrelako hitzordu garantzitsuetan jendearen babesa sentitzea estimatzen du arraunlariak. Igarri egiten dugu eta asko eskertu.

Kontziente zarete lortu duzuenaz?
Ez dut uste gaur konturatuko garenik zer lortu dugun. Gaur ospatu egingo dugu, eta bihartik aurrera hasiko gara konturatzen. Agian, gainera, ligan egin dugunari ere garrantzia handiagoa emango diogu bihartik aurrera.

Bigarren urtea duzu Zarauzko entrenatzaile gisa, eta jada taldea gorengo mailara igo duzu. Iraultza bat ekarri al duzu?
Ez, ez da halakorik! Nire etorrerak eragin du pixka bat, baina argi dago hau guztia ez duela pertsona bakar batek egiten. Gazte mailetako entrenatzailekin hasten da guztia; izan ere, gaur egun gurekin dabiltzan arraunlariak beste batzuen eskuetatik pasatu dira aurrez. Azkenean, gaztetan egin duten lanak du zerikusia kalitatearekin, eta zuzendaritzak egin duen lan onak kudeaketarekin. Beraz, hau ez da pertsona bakar baten meritua, baizik eta guztion lanaren bateraketa. Horrela lortzen dira emaitzak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide