Lehen multzoko azkena izan da irteten Zarauzko trainerua Kontxako sailkatze estropadan; 18:00etan hasi da erlojupeko proba, eta Gari Urangaren mutilak hamabigarrenak izan dira abiatzen. 21:20,29ko denborarekin gelditu dute erlojua –lehen luzea, 10:32,00 eta bigarren luzea, 10:48,28–, hamabosgarren postuan sailkatuz.
Sailkatzeari buruz, Ondarroak egin duen estropada "ikaragarria" izan dela zehaztu du ZAEko kide Gaizka Garmendiak, baita Kaikuren ezustekoa ere, Cabo kanpoan utziz. Enbataren lanari buruz, berriz, KAE 1 ligako lehen trainerua izan dela nabarmendu du, beraien mailan arituz, nahiz eta itsasoan ez diren fin-fin aritu. "Arraunketan, kanpoko aldetik ez dugu bereziki asmatu, eta play off-ari begira hortxe dugu hobetzeko puntua".
Play off lehian ariko diren aurkariak begiz jo dituzte gaurkoan, zer-nolako maila duten ezagutzeko aukera izan baitute. "Denboraldi hasieratik garbi geneukan gu ez ginela izango Eusko Label ligara igotzeko inolaz ere faboritoak. Ares koska bat gorago dagoela ikusi dugu, baina besteon artean lehia egongo dela uste dugu", azaldu du Garmendiak.
Gaur, Tiranek bederatzi segundo atera dizkio Enbatari, eta San Pedrok, berriz, hamalau segundo. "Tarte horiek txikitu eta gainditzeko ahalegina egin beharko dugu datozen bi asteotan. Badakigu zertan hobetu behar dugun gaurko lana. Animoak behintzat baditugu!".