"Guk eskatzen dugun gauza bakarra da langileen baldintzak pleguetan jaso ditzaten", adierazi du ELAko Urola Kostako ordezkari Janire Diazek, BPXport eta Balea Igeriketa enpresetako langileen elkarretaratzea amaitu berritan. Kiroldegiko langileek greba egin dute gaur egun osoan, sindikatu horrek babestuta, hitzarmen duina aldarrikatuz.
Goizean goiz elkartu dira kiroldegi atarian, bertaratzen zirenei instalazioa egun osoan zehar itxita mantenduko zela adierazteko. Arratsaldean gauza bera egin dute. 18:00ak pasata, berriz, bizikleta martxa egin dute udaletxe atariraino, bertan elkarretaratzea egiteko. 'Kiroldegiko langileak borrokan', 'Borroka da bide bakarra' eta 'Aritzbatalde, hitzarmenaren alde' oihukatuz, euren lan baldintzak bermatu ditzaten aldarrikatu dute.
Mobilizazioak amaituta, modu positiboan baloratu du Diazek gaurko eguna: "Grebak jarraipen osoa izan du; langile guztiek egin dute lanuztea". Erabiltzaileen eta herritarren aldetik ere erantzuna ona izan da; babesa agertu diete langileei. "Kiroldegia ixtearekin batera, ikusi da zeinen garrantzitsua den instalazio hori herri honentzat". Zentzu horretan, udalari "arduraz" jokatu eta lan gatazka horri irtenbidea eman diezaion dezan eskatu diote.
Orain erantzunaren zain geratzen direla adierazi du ELAko ordezkariak: "Espero dugu negoziazioa martxan jartzea. Erantzunik ematen ez badute, mobilizazioekin jarraituko dugu".