Kiroldegiko langileen auzia

Kiroldegiko langileek egun osoko lanuztea egingo dute ostegunean

Zarauzko Hitza 2017ko ots. 1a, 18:45

ELAk babestuta, egun osoko greba antolatu dute biharko kiroldegiko langileek (Hitza).

Hainbat mobilizazio ere egingo dituzte; besteak beste, 17:30ean bizikleta martxa egingo dute udaletxe atariraino, eta 18:30ean elkarretaratzea egingo dute bertan.

«Gure lan baldintzak bermatzea eta hilabetetan egin ditugun eskakizunak kontuan hartzea eskatzen dugu». BPXport eta Balea Igeriketa enpresetako langileek jakinarazi dute hilabeteak daramatzatela Udal Gobernuarekin biltzen hitzarmen propioa sinatu eta plegu berrietan jaso dezaten eskatzen, baina ez dituzte «kontuan hartzen».

2016ko apirilean, kiroldegiko harreran izandako murrizketen ondoren, Udal Gobernuko arduradunekin biltzen hasi ziren langileak eta ELAko ordezkariak. Sindikatutik jakinarazi dutenez, Balea Igeriketako zerbitzuak aurrera egiteko «zailtasunak» ditu, «hutsune ekonomikoak» medio. Halaber, gogoratu dute iazko urrian amaitu zela zerbitzuaren kontratua—ordutik soldatak izoztuta dituzte—, eta udal ordezkariak langile horien hitzarmena zer-nolakoa izango zen baloratzen ari zirela.

«Gure lan baldintzak bermatzeko formula bakarra da gure hitzarmen propioa negoziatu eta enpresekin hitzartzea». Horregatik, akordio proposamen bat osatu eta udalari nahiz enpresari aurkeztu zioten. «Udal Gobernuak ez du inolako erantzukizunik hartu. Zerbitzua publikoa izaki, ardura zuzena du».

BPXport eta Balea Igeriketak egun eskaintzen dituen zerbitzuak bateratuko dituen plegu bat aterako zela jakinarazi zieten udaletik, lehiaketara atera eta maiatzetik aurrera enpresa bakar batek kudea ditzan. Orain, plegu berria eginda dagoela, akordioa sinatu eta pleguetan jaso dezaten eskatu dute, datorren enpresa datorrela ere, behartuta egon daitezen langileen baldintzak bermatzera.


Hainbat mobilizazio

Horregatik guztiagatik, ELAk babestuta, egun osoko greba antolatu dute biharko (otsailaren 2rako), hainbat mobilizaziorekin: 06:00etan langileak kiroldegi kanpoan biltzekoak dira; 17:30ean bizikleta martxa egingo dute udaletxe atariraino eta 18:30ean elkarretaratzea egingo dute bertan.

Horrek herritarren egunerokotasunean eragina izan dezakeelako, barkamena eskatu dute aldez aurretik.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide