Kiroldegiko langileen auzia

Hitzarmen duin bat eskatu dute kiroldegiko langileek

Zarauzko Hitza 2017ko urt. 20a, 13:13

Kiroldegiko langileak, eguerdian, elkarretaratzean.

BPXport eta Balea Igeriketa enpresetako kideek elkarretaratzea egin dute udaletxe parean, ELAk deituta.

"Guk geure lan baldintzak bermatuta egotea nahi dugu. Hori da eskatzen duguna". ELAk deituta, BPXport eta Balea Igeriketa enpresetako kideek elkarretaratzea egin berri dute Lege Zaharren enparantzan, "hitzarmen duin bat" eskatuz.

ELAko Urola Kostako zerbitzuetako ordezkari Janire Diazek gogoratu du kiroldegiko langile horiek hilabeteak daramatzatela "gorabeherekin". Haren arabera, apirilean Balea Igeriketa enpresako harrera zerbitzuan murrizketak izan ziren, udal langile batek azpikontratatuta zegoen langilearen postua hartu eta azken horren lanaldia murriztu zutelako.

Udalarekin hainbat bilera egin ondoren, kiroldegiko zerbitzuak "hutsune ekonomikoak" zituela esan zieten, eta "zerbitzuaren plegu berriak publikatzean baloratzen ari zirela zein hitzarmen kolektibo izango zen etorkizunean langileek izango zutena". Diazek ohartarazi du 2012tik indarrik gabe dagoen hitzarmena dela orain dutena. Horregatik, iazko ekainean langileak elkartu eta plataforma bat sortu zuten, euren hitzarmen propioa negoziatzen hasteko.

Arduraz joka dezaten

BPXport eta Balea Igeriketak eskaintzen dituen zerbitzuak, lehorrekoak nahiz uretakoak bateratuko zituen plegu bat aterako zela jakinarazi zieten udaletik, lehiaketara atera eta maiatzetik aurrera enpresa bakar batek kudea ditzan bi zerbitzuak. Pleguak "ateratzekotan" daudela iragarri du Diazek, baina "puntu berean jarraitzen" dutela: "Hitzarmenaren negoziazioa hasi gabe eta ez dakigu plegu horietan gure eskakizunak nola jasotzen diren. Gure lan baldintzak bermatzeko, hitzarmena sinatu eta pleguetan jasota geratzea eskatzen dugu, datorren enpresa datorrela, behintzat behartuta egon dadin hori aplikatzera".

Horregatik, "arduraz" joka dezan eskatu diote udalari. Elkarretaratzearen ondoren, 13:00etan ziren udal ordezkariekin biltzekoak, "berriz ere" eskatzeko euren hitzarmena pleguetan jaso dezaten. Akordio batera ez badira heltzen, aurrera begira ere mobilizazioekin jarraituko dutela jakinarazi du Diazek. Besteak beste, otsailaren 2an egun osoko lanuztea egitea aurreikusi dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide