III. Zarautzen Zientziaz Blai ekitaldia

Zientziaz bustitzeko ordua

Zarauzko Hitza 2016ko aza. 3a, 12:44

Zientzia eta teknologia herritarrei gerturatu eta herriko ikerlariak balioan jartzeko helburuarekin, Zarautzen Zientziaz Blai ekitaldia antolatu du ZarautzOnek gaurko.

Aurten ere, Zarautzen Zientziaz Blai ekitaldia antolatu du ZarautzOn elkarteak. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren  XVI. Astearekin bat egin eta dibulgazio zein sentsibilizazio programaren barruan, gaia hiriburuetatik eta zentro teknologikoetatik aterako dute hirugarren urtez. Gaur izango da ekitaldi berezia Modelo aretoan, Udazkeneko AstearteOn zikloaren barruan.

Helburua da gaia herritarrei gerturatzea, eta horretarako zientzia eta teknologia alorrean adituak diren Zarauzko gazte ikerlariak gonbidatu dituzte: Amaia Hernandez, Imanol Tubia eta Amaia Benitez ingeniari biomedikoak, eta Manex Serras matematikaria. Horiekin batera, berrikuntza gisa, Lanbide Heziketako ikasle bat ere izango da Modeloko oholtza gainean gaur: Andoni Aizpurua instalazio elektriko eta automatikoko zikloko ikaslea, hain zuzen.

Gonbidatu bakoitza une honetan lantzen ari den edota aurrez landutako proiektuaz ariko da, aurkezpen txiki bat eginez. Hernandezek, esaterako, egungo teknologia berriak erabiliz, protesi eta ortesiak nola sor daitezkeen azalduko du.  Tubiak, berriz, mikroteknologiaz eta horren ezaugarriez ariko da eta Aizpuruak ikasgelan landu dituzten hainbat proiektu erakutsiko ditu, baita ikusleen eskura jarri ere. Benitezek eta Serrasek, erresonantzia magnetikoa eta infragorri hurbileko espektroskopia zein makinen eta pertsonen arteko elkarrekintzak izango dituzte hizpide, hurrenez hurren.

«Ekimen honekin balioa eman nahi diogu gazte hauek guztiontzat eraiki nahi duten etorkizun hobeari eta horretarako egiten duten ahaleginari eta ilusioari», nabarmendu dute ZarautzOn elkarteko ordezkariek.  Horrekin batera, Zarautz Zientziaz Blai ekitaldia «Zarauzko zientzialari gazteen zein euren etorkizun profesionala lantzen ari direnen arteko hurbiltze eta trukegune» izatea nahi dutela gaineratu dute.

Perezen parte-hartzea

19:00etan hasiko da ekitaldia, eta Ana Galarraga  Elhuyarreko ordezkariak aurkeztuko du. Ikerlari gazteen ondoren, Juan Ignacio Perezek hartuko du hitza. Fisiologian katedraduna, Euskal Herriko Unibertsitateko errektore ohia eta EHUko Kultura Zientifikoa Katedraren koordinatzaileak, teknologiak eta zientziak gizarteari egiten dion ekarpenaz jardungo du.

EHUko errektore ohiak jakinarazi duenez,  azalduko du zergatik den zientzia gakoa gizarte hobe bat eraikitzeko. «Ez soilik materialki ongi bizitzeko —teknologia hobeak, erosotasuna, osasuna, elikadura...—, baizik eta gizartea, bere osotasunean, hobea izan dadin zientziak egiten duen ekarpena azaltzen saiatuko naiz», zehaztu du. Horrez gain, zientzia zertan datzan eta baita zeintzuk diren indarguneak ere.

Bertaratu ezin dutenek streaming bidez zuzenean jarraitu ahal izango dute gaurko ekitaldia. Horretarako,  zarautzon.nirestream.com webgunea izango da erabilgarri, ZarautzOnek antolatu ohi dituen gainontzeko ekitaldietan bezala.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide