Zer ari zara ikasten une honetan?
Egun instalazio elektronikoei buruzko Erdi Mailako Zikloa ari naiz egiten Oteitza Lizeo Politeknikoan. Aurten Startinnova izeneko plataforman hartuko dut parte neure ikaskideekin batera, Aitor Azpiroz irakaslearen gidaritzapean. Startinnova plataformaren helburua gazteengan ekintzailetasuna bultzatzea da, enpresa ideiak zein sozialak martxan jar ditzaten gerora gizartearen bizi kalitatea hobetze aldera.
Zer ari zarete lantzen plataforma horren bitartez? Zein da zuen helburua?
Proiektu berri bat ari gara garatzen, iaz erabili genituen Arduino mikrokontrolatzaileak baliatuz; kode irekiko plataforma elektroniko bat da Arduinoa, software eta hardware erabilterrazean oinarrituta.
Oraindik ez dugu proiektua martxan jarri, baina gure asmoa da itsuentzako betaurreko berezi batzuk sortzea. Horien bidez, erabiltzailearen aurrean horma edo objekturen bat baldin badago, gailuak soinu bitartez jakinaraziko lioke, objektu hori zer distantziara dagoen esanez.
Zertan oinarrituko duzu gaurko zure aurkezpena?
Elektronika eta robotika arloetan egongo da oinarrituta nire gaurko aurkezpena. Aurkezpen guztia bisuala egiteko asmoa daukat. Horretarako, iaz ikasgelan egindako hainbat proiektu erakutsiko ditut, bertaratzen direnek proiektu bera funtzionamenduan ikusteaz gain, esku artean izateko aukera ere izan dezaten.