Onartu dute behin betikoz TAO sistema aldaketekin

Zarauzko Hitza 2016ko uztailaren 1a

Atzoko osoko bilkuran onartu zuten ordenantzaren aldaketa egitea, EAJ zein PSE-EEren aldeko eta EH Bildu zein Irabazi Zarautzen kontrako botoekin.

Hasierako onespena maiatzean, ez ohiko udalbatzar batean eman zioten, emaitza berarekin, eta alegazio epea zabaldu zuten. Epe horren barruan 10 alegazio idatzi aurkeztu dituzte guztira, eta horietatik 5 onartu zituzten atzoko osoko bilkuran: 6. zonaldeko egoiliarrek 5. zonaldean aparkatzeko aukera izatea—hiru alegazioren bidez eskatu dute hori—; udako txartela lortzeko, autoaren jabe izatearen baldintza kentzea, baldin eta aseguruaren hartzailea txartela eskatzen duena bada eta gainerako baldintzak betetzen baditu, eta azkenengoa, malgutasuna izatea egoiliarren zonaldeekin (seinale horizontal eta bertikal berri guztiak jartzeke daudelako oraindik ere) eta txartelak jaso ez dituzten ibilgailuen jabeekin. 

Atzo eman zioten behin betiko onespena ibilgailuen aparkamendua arautzeko ordenantzaren aldaketei, gehiengoz; EAJ eta PSE-EEk alde bozkatu zuten eta EH Bildu eta Irabazi Zarautzek kontra. Ana de Benito Irabazi Zarautzeko bozeramaileak aurrekoan esandakoa errepikatu zuen: «Zarautzen dagoen aparkatzeko arazoa ezin da konpondu ez TAO herri osora zabalduz ezta auzo bateko arazoa konpontzeko, beste auzotara autoak eramanez ere". Udal Gobernuaren proposamenak eta TAO herri osora zabaltzeak ez duela mugikortasun eta aparkaleku arazoa konpontzen ohartarazi zuen, halaber.

Horrekin batera, gogoratu zuen Udal Gobernuak ekainaren 15ean jarri zuela martxan sistema zenbait aldaketekin, behin betiko onespena eman aurretik, lan batzuk oraindik ere egin gabe zeudela eta artean alegazio epea zabalik zegoela. "Udalak horrela jokatzea itxura txarra ematen du. Irabazi Zarautzek ez du halako kudeaketarik babestuko".

PSE-EEko Gloria Vazquezek aldaketak onuragarriak izango direla uste du, baina nabarmendu zuen urtebetera berraztertu egin beharko dela, "benetan trafikoa murriztu den eta aparkatzeko leku gehiago izateko baliagarria den ala ez" jakiteko.

Kostu ekonomikoak, "kezka"

Mikel Goenaga EH Bilduko bozeramaileak gogoratu zuen hasierako onespena eman zutenean, koaliziaren "lehenbiziko kezka" datei dagokioena izan zela: "Maiatzean, ez ohiko osoko bilkura batean onartu zen behin behinean, eta uda gainean zela-eta, eskatu genuen aldaketak uda pasatakoan egiteko. Garaiz helduko zela erantzun zitzaigun eta, era berean, aldaketak behin betikoz onartu arte ez zirela martxan izango gaineratu". Ekainaren 15ean prentsa eta irrati bidez TAO berritua abian zela jakin zutela esan zuen, alegazio epea oraindik ere ez zenean bukatu. "Batzordean, lau pareten artean, ordea, aldaketak martxan jarri gabe zeudela esan zitzaigun, eta behin betikoz onartzen zirenean jarriko zirela abian. Kalean, ordea, beste ari zen zerbait gertatzen". "Udalbatzarraren azken irizpena kontuan izan gabe, behintzat neurri batzuk  martxan jartzea errespetu falta handia" dela deritzo Goenagak.

Gainera, nabarmendu zuen aldaketak eginda mugikortasun hierarkiaren kontrako neurriak hartzen direla, herrian auto pribatuaren erabilera sustatzen delako; ez direla kontuan hartzen presio gehien jasaten duten aparkaleku guneak—Alde Zaharra eta kostaldea, kasu—,  egun osora zabaldu delako leku horietan aparkatzeko aukera eta doako aparkaleku bat kendu dela.

Kostu ekonomikoak era "kezka" sortu du EH Bildurengan. "Aurkeztu zaigun azterketan galerak izango dituela jaso da eta udalak hartu beharko lituzke bere gain. Horri gehitu beharko zaio 24 orduko zaintza horren kostua".

Aldaketak, TAO "hobeto" ulertzen laguntzeko

EAJko Jesus Aranak adierazi zuen egun abian dagoena TAOren ordenantza dela, eta aldaketa egitea behin betiko eta gehiengoz onartuta, ordenantza aldaketaren testu osoa GAOn publikatu eta hurrengo egunean jarriko dela indarrean. "Alegia, ez da ordenantza berria. Trantsizio prozesu baten barruan, Udal Gobernu honek ordenantzak errespetatzen ditu". Aranaren arabera, indarrean sartzen denean seinalizazio bertikalak, tarifak eta bestelakoak martxan jarriko dira. Trantsizio prozesuan, bitartean, pintaketak-eta martxan jarri dituztela gogoratu zuen. 

"Kontuan izanda udaldia garai konplikatua dela aparkalekuei dagokionez, Udal Gobernu honek erabakiak hartu ditu herritarren eta bisitarien bizitza era batera errazteko", nabarmendu zuen. Adibide gisa aipatu zuen zonalde bateko egoiliarrek beste egoiliarren zonalde batean aparkatzeko aukera ere izango dutela ordubetez. Gaineratu zuen azterketa ekonomiko "sakona" egin dela eta ez galera ekonomikorik egongo.

 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide