Udal Gobernuak hainbat aldaketa egingo ditu TAO sisteman, «ulerterrazagoa eta eraginkorragoa» izan dadin. Herenegungo ohiko osoko bilkuran gehiengoz onartu zuten aldaketa horiek egitea, EAJ eta PSE-EEren babesarekin. Udan eta udazken-negu partean izango da martxan TAO sistema moldatua; izan ere, Xabier Txurruka alkateak nabarmendu zuenez, «erreforma sakonagoa» behar du sistemak.
Azaroan egindako parte-hartze prozesuan jasotako ekarpen batzuk izan dituzte kontuan aldaketak egiterakoan. «Zoritxarrez beste hainbat ezin izan ditugu martxan jarri, helegite bat medio». Jesus Arana EAJko bozeramaileak azaldu duenez, otsailean Udal Gobernuak plegu berriak atera zituen TAO kudeatzeko enpresa esleitzeko. Kontratazio prozesua aurrera zihoala, hilabete horretan enpresa batek helegitea ipini zuen. «Gure asmoa da errekurtso horrek eskatutako zuzenketak egin, berriro esleitu eta datorren urterako TAO sistema berria bere osotasunean martxan jartzea».
Aldaketak eginda, bi urte sasoitan banatuko dute TAO zerbitzua, eta udakoa zabaldu egingo dute. Hala, ekainaren 15etik irailaren 30era egongo da indarrean. Udatik aurrera, aparkalekuak zonaldetan eta sektoretan banatuta egon ordez, zonaldetan soilik izango dira banatuta. Zazpi izango dira, guztira: lehenbizikoa Alde Zaharrekoa izango da; bigarrengoa Vista Alegrekoa; hirugarrengoa Azken Portukoa; laugarrengoa Zelai Ondo, Aritzbatalde, Mitxelena eta Itxasmendikoa; bosgarrengoa Nafarroa kaletik Lapurdi kalera eta Zelai Azpibide-Jaurtakol kaletik Zarauzko irteerara bitartekoa; seigarrengoa Mendilauta ingurukoa, Lizardi kaletik Mollarri kalerako eremua; eta zazpigarrengoa, berriz, Abendañokoa, autokarabanentzat.
Ordubeteko malgutasuna
Hiru kolorerekin zehaztuko dituzte aparkatzeko eremuak: zuria egoiliarrentzat izango da, E/R —egoiliarrak/residentes— seinalizazioa izango du, eta urteko 365 egunetan 24 orduz zainduko dituzte; ordaindu beharreko gunea urdina izango da eta zuri-urdina, berriz, errotazio altuko gunea. Aurrez ezarritako ordutegia mantenduko dute: udan egunero 09:00etatik 20:00etara egongo da martxan eta aparkatzeko lau orduko muga kenduko da; egun osoz aparkatu ahalko da autoa. Udalditik kanpo, berriz, 09:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara izango da martxan.
Zarauztarrek ez dute ordaindu beharko 13:00etatik 16:00etara autoa aparkatzeagatik. Egoiliar txartela dutenek, gainera ordubeteko malgutasuna izango dute herriko edozein zonaldetan aparkatu ahal izateko.
Errotazio altuko guneak ere berdin mantenduko dituzte: igandetan eta jai egunetan zonalde urdin gisa funtzionatuko dute; astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:00etara zein 16:30etik 20:00etara izango dira martxan eta larunbatetan, aldiz, 09:00etatik 13:00etara artean.
Udaldiko aparkalekuak
Eguzki Zaharra eta Kortazarren aparkalekuak atonduko dituzte uda honetan ere. Lehenbiziko partzela horretan aparkatzeagatik ordaindu egin beharko da aurten, beste gunetan baino gutxiago ordainduz, ordea. Zentzu horretan, hori eta Kortazar TAO gune «bigunak» izango dira: 2,5 euro ordaindu beharko da egun erdiz bi partzela horietan aparkatzeko eta 5 euro egun osorako.
Langile eta ingurukoentzat
Etxeko hiru txarteleraino eskatu ahalko dira, eta prezioa mantendu egingo dute: 30 euro kostako da urte osoko txartela (bigarrengo autoagatik 45 euro ordaindu beharko dira eta 90 hirugarrengoarengatik) eta 15 euro udakoa (bigarrengoagatik 25 euro ordaindu beharko dira eta 60 hirugarrengoarengatik).
Halaber, txartel berri bat eskainiko zaie herrian erroldatuta egon ez arren, Zarautzera lanera etortzen direnei, hilean 45 euro ordainduta. Zarauzko kanpoaldeko auzoetan —Urteta, Hiruerreketa eta Aitza, kasu— bizi eta udalerrian erroldatuta dauden bizilagunak ere txartel bereziak eskuratuko dituzte, herrian aparkatu ahal izateko. Bi txartel eskuratzeko aukera izango dute, 10 euroan lehenbizikoa eta 20 euroan bigarrengoa. Alde Zaharra izan ezik, beste eremuen artean aukeratu ahalko dute horiek.
Horrekin batera, Zarauztik gertu dauden beste herrietako auzotarrek —besteak beste, Laurgain, Elkano, Urdaneta eta Meaga— laugarren eremuan aparkatzeko aukera izango dute. 30 euro ordainduz gero, txartel bat lortuko dute horretarako.