Aldaketak horiek egin behar badira, behintzat udaren ondoren egin daitezela eskatu zuen EH Bilduko bozeramaile Mikel Goenagak, «bete behar diren prozedura guztiak betez gero, denbora eskasa delako aldaketa horiek guztiak egiteko». Udal Gobernuak EH Bilduk aurreko agintaldian TAO sisteman egindako berrikuntzak orokorrean mantendu egin dituela esan zuen, besteak beste, «TAO ez zegoen auzotan jasaten zuten presioa konpontzeko» sistema herri osora zabaltzea; bertakoen aparkalekuak eta merkatari zein ostalarientzat bono bereziak sortzea eta herriguneetan bizi ez diren zarauztarrei txartela lor-
tzeko aukera eskaintzea.
Ordenantzak alde onak badituela aitortu zuen: Zarautz inguruko herritarren txartela sortu izana eta egoiliarren gunetan zaintza 24 ordutara zabaltzea, kasu. Hala ere, zaintza hori urte osora zabaltzea ongi ikusi arren, herrigunetik urrun dauden auzoetan neurri hori ezarri aurretik beharra aztertu beharko litzatekeela adierazi zuen. Bestalde, aldaketen ondorio ekonomikoak ez dituztela ezagutzen salatu zuen.
Aldaketa horiek onartuz gero, Goenagak adierazi zuen EH Bilduren mugikortasun ikuspegitik «atzerapauso galanta» emango dela, batik bat lau arrazoigatik: zarauztarrentzat eguerdiko etenaldia ordubetez luzatuko delako; kanpotik datozen langileek «inongo baldintzarik gabe» txartela lortuko dutelako; Alde Zaharrean eta hondartza inguruan aparkatzeko lau orduko muga kenduko dutelako, txartelaren prezioa igoz, eta aldirietako doako aparkalekuak murriztuko direlako. «Aldaketa hauek neurriz kanpoko auto erabilera sustatzen dute. Onura baino kalte gehiago sortzeko aukera dago».
Horregatik, Udal Gobernuari eskatu zion atzera botatzeko neurri horiek, mugikortasun plana «behingoz» martxan jartzeko eta horren arabera exekutatzeko aldaketak.
Sistema berrikusi
Ana de Benito Irabazi Zarautzeko bozeramaileak adierazi zuen TAOri buruzko alderdi horren iritzia «argia» dela: «Zarautzen dagoen aparkatzeko arazoa ezin da konpondu TAO herri osora zabalduz edo auzo bateko arazoa konponduz, beste auzotara autoak eramanez. Horregatik, beharrezkoa da sistema berrikustea».
Irabazi Zarautzek proposatutako TAO eredua da besteak beste: sistema zuzenean udalak kudeatzea; Araba eta Gipuzkoa kaleko errotazio handiko guneak kentzea; neguan Bizkaia eta Zigordia kaleetan TAO jartzea; Salbiden egoiliarrentzat irtenbidea bilatu eta udan Nafarroa kalean egoiliarrei denbora mugarik gabe aparkatzeko baimena ematea; aldirietako aparkalekuak eta prezio egokiak jartzea.