2015-2019 agintaldirako jarduera estrategikoen plana osatu dute

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko apirilaren 7a

Ezkerretik hasita, Pablo Garcia (PSE-EE), Gloria Vazquez (PSE-EE), Xabier Txurruka (EAJ), Jesus Arana (EAJ) eta Iratxe Zorrozua (EAJ) Zarauzko Udal Gobernuko ordezkariak, planaren aurkezpenean (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Zarauzko Udal Gobernuak datozen urteetarako ekintzen plangintza egin du, hiru ataletan banatuta: Herritarrak, Lurraldea eta Antolakuntza. Eskuragarri dago dokumentua.  

Zarauzko Udal Gobernuaren «etorkizuneko lan tresna» da  2015-2019 Agintaldirako Plana. Datozen urteetako erronkei erantzuteko sortu dute dokumentua, eta bertan jaso dituzte agintaldirako helburu estrategiko nagusiak lortzeko jarduera garrantzitsuenak. Xabier Txurruka alkatearen arabera, udal langile eta teknikarien laguntzarekin, agintaldi honetako ekintza politikoa «behar bezala» planifikatu dute horren bidez. «Plan honek udal antolaketa eta kudeaketa eraldatu nahi ditu», adierazi zuen alkateak aurkezpenean: «Zarauztarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuen kalitatea etengabe hobetzea da helburua, proiektu zehatzei dagozkien ildo nagusiak zehaztuta».

Hala, hiru arlo nagusitan banatu dute lau urtetako gobernu ekintza: Herritarrak, Lurraldea eta Antolakuntza. Herritarrak atalean, zarauztarren ongizatea bermatzeko jarraibideak zehaztu dituzte. Gobernuko ekintza guztiak herritarrei zuzenduta daudela jakinarazi zuen Gloria Vazquez Udal Gobernuko kideak. «Horrela izan behar du derrigorrez, udal baten betebeharra herritarrei zerbitzua eskaintzea baita».
Lurraldea atalari dagokionez, etxebizitza, industrialde eta natur guneen inguruko ekintzak jaso dituzte. Antolakuntza-n, berriz,  udal antolamenduaren  ingurukoak.


131 ekintza

Guztira, 131 ekintza zehatz jaso dituzte 2015-2019 Agintaldirako Planean, hiru ildo nagusi horietan banatuta: 59 ekintza Herritarrak atalean, 36 Antolakuntza-n eta 36 Lurraldea-n. Batzuk martxan daude dagoeneko: Astiko instalazioak hobetzeko plan berezia onartu dute, eta  HAZ Herritarren Arreta Zerbitzua sortzeko lanean hasi dira, esaterako. Beste hainbat «etorkizun hurbilean» landuko dituzte. Hain zuzen, dokumentuaren bukaeran kronografia bat ere gehitu dute, datak zehazteko. «Garrantzia eman nahi diogu aurrekontuak, egutegia eta epeak finkatzeari, lanerako tresna eraginkorra izan dadin», zehaztu zuen Txurrukak.

Ekintza horiek guztiak aurrera eramateko, 14.352.000 euroko inbertsioa egingo dutela aurreikusi dute. Dagoeneko beste administrazioekin harremanetan jarri da Udal Gobernua, zenbait partida lotze aldera. Txurrukak jakinarazi du ekintza horiek ez direla guztiak: «Egunerokotasunean askoz ere zerbitzu gehiago eskaintzen ditu udalak, baina ohikotasunetik ateratzen direnak nabarmendu  ditugu».

«Gardentasun osoz aritu nahi dugu», esan zuen Vazquezek. Horregatik herritarren eskura jarri dute dokumentua. www.zarautz.eus webgunean deskargatu daiteke. Era berean, udaletxean eskura daiteke dokumentua

Erlazionatuak

Herritarrak

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016 api 07

Lurraldea

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016 api 07

Antolakuntza

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016 api 07

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide