Lurraldea

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko apirilaren 7a

Bost helburu nagusi eta 35 ekintza jaso dituzte atal horretan eta  7.015.000 euro inguru gorde inbertsio nagusiak bultzatzeko. Hona hemen helburuak:

  • Zarauztarrei etxebizitza babestuak eta eskuragarriak eskaintzea. 850.000 eurorekin, lau ekintza aterako dituzte aurrera: Aldapetan babes ofizialeko 50-60 etxebizitza eraikitzea agintaldia bukatu aurretik; Salberdinen babes publikoko ia 140 etxebizitza egiteko lehen fasea gauzatzea (250.000 euro); Irita sustatzea, Kortazarren aurreikusita zeuden, eta azkenean eraikiko ez diren, 150 etxebizitzak konpentsatzeko eta etxebizitza hutsak alokairuan ateratzeko diru laguntzak bideratzea.
  • Errotaberri industria sektorea garatzea: gune horretako garapen urbanistikoa bultzatzea (600.000 euro). Horrekin, bertan jarduera industrial berriak jarri eta birgaitu behar diren esparruetan lehendik daudenak hara eramatea da helburua. Horretarako beste  administrazio publikoekin hitzarmenak sinatuko dituzte.
  • Zarauzko ingurumena, natur-guneak eta bioaniztasuna hobetzea eta ezagutaraztea: 1.355.000 euro bideratuko dituzte, besteak beste, bioaniztasunari buruzko azterketak idaztea eta sentsibilizazio kanpainak egitea; landa-bideak berreskuratzea eta berriak sortzea; Iñurritza errekaren ingurunea hobetzea (780.000 euro); errekak garbitzeko kudeaketa plana burutzea; akuiferoa babestea; hezeguneen babes-eremua Iñurritzako biotopo babestuaren mugetatik kanpora zabaltzea; hondartzako ingurumen-kudeaketa hobetzea; zaraten mapa eta horrekin lotutako ekintzen plana egitea agintaldi honetan, eta txakurrak libre ibiltzeko gune batzuk jartzea.  
  • Espazio eta bide publikoen kalitatea eta irisgarritasuna hobetzea. 3.365.000 euroko inbertsioarekin, besteak beste, ondoko ekintzak eramango dituzte aurrera: Alde Zaharra oinezkoentzat jartzeko proiektuari (1.195.000 euro) jarraipena ematea; eta Itxasmendiko biribilgunea (375.000 euro) osatzea; Auzoz auzo programa bultzatzen jarraitzea (800.000 euro); autobus geralekuak hobetzea; Nafarroa eta San Inazio kaleen artean trafikoa era egokiagoan bideratzea; Santa Klaran oinezkoentzat lurpeko pasabidea egitea; kale eta urbanizazioak birgaitzea (545.000 euro) eta Salbiden haur parke estalia eraikitzea (300.000 euro).  
  • Udal eraikinen eta azpiegituren eraginkortasun energetikoa hobetzea, jarduera pribatuen birgaikuntza eta jardunbide arduratsua bultzatzea: ur hornidura eta saneamendua hobetzea (820.000 euro); udal plan energetikoa egitea; udal eraikinen datu basea osatzea; eraikinen ikuskapen teknikoak eta eraberritzeak bultzatzea eta jarduera industrialetan ingurumeneko praktikak sustatzea, kasu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide