- Herritarren ongizatea bermatzea. Ongizate zerbitzuko eginkizunak hartzen ditu barruan helburu horrek. Zehazki, herritarren ongizatea bermatzea da asmoa, orain arteko eskaintza zabalduz. Besteak beste, etxelaguntza behar berrietara egokitu eta zerbitzua beste kolektiboetara zabaltzea; zaintzaileak zaintzeko zerbitzua indartzea, Sendia programaren bitartez; errenta baxua dutenentzat diru laguntza lerro berria sortzea (600.000 euro); etxegabetzeen protokoloa abiatzea; Neguetxeko aukerak zabaltzea; Haurtzaroaren Eguna antolatzea; Adikzioen Tokiko Plana egitea; etorkinentzako euskara-harrera ikastaroak indartzea eta beste hainbat egitasmo abian jartzea, Ikaslaguna eta Lagunkoia, esaterako.
- Herritartasun aktiboa sustatzea. Honakoak dira azpiatal horretan zehaztu dituzten ekintzetako batzuk: Zarauzko kultur ondarearen ekintza plana garatzea; kultur jarduerak eta ikastaroak zabaltzea; liburutegi digitala martxan jartzea; Kirol Plana diseinatzea; herriko jai nagusienei buruzko hausnarketa eta hobekuntza bultzatzea; Gaztematika programa abiatzea; Gobernuz Kanpoko Erakundeen zein boluntarioen lana bultzatzea; berdintasunaren bidean pausuak ematea, garatu duten III. Parekidetasun Plana oinarri hartuta eta Emakumeen eta Gizonezkoen Berdintasunaren aldeko Ordenantza garatzea.
- Udal ekipamenduak egokitzea. 3.960.000 euro aurreikusi dituzte, besteak beste, Sanz Eneako 1. eta 2. solairuak liburutegi bihurtzeko; Kultura saileko bulegoak Villa Mundan kokatzeko; Modelo aretoan egokitzapen lanak egiteko; Astiko kirol azpiegiturak egokitzeko (1.340.000 euro); Lizardiko kirol pista estaltzeko (500.000 euro); Kiroldegian egokitzapenak egiteko; Udaltzaingoaren eraikin berria martxan jartzeko (660.000) eta Emakumearen Etxea sortzeko (300.000 euro).
- Udalerrian euskararen erabilera sustatzea: euskararen erabilera normalizatzea hizkuntzaren transmisioa bultzatzea da agintaldiko helburuetako bat. Horretarako, 2015-2017 Euskara Sustatzeko Ekintza Plana ezarri eta ebaluatuko dute, eta datozen urtetarakoa ere egingo dute, 2018-2020 bitartekoa, hain zuzen. Transmisioarekin lotuta, euskaltegian ikastaro berriak antolatuko dituzte behar berriei erantzuteko.
- Garapen iraunkorra sustatzea. Azpiatal horretan, ondoko ekintzak eramango dituzte aurrera: Mugikortasun Plana egin; bizikleta bideen sarea hedatu; autobusaren hirugarren linea aztertu; TAO sistema sinplifikatu; iraunkortasunaren aldeko ekimenak sustatu —Zarautz Bidezko Merkataritzaren aldeko Hiria izendatu, kasu— eta eraztun berde-urdina martxan jarri.
Garapen ekonomikoa sustatzea. Besteak beste, enplegua sustatu eta enpresei laguntzeko diru laguntza plana ezartzea; turismoa bultzatu plan estrategiko baten bitartez; landa garapena eta baserria garatzea; merkataritza biziberritzeko plana martxan jartzea; eta Zarautz 2025 Plan Estrategikoa garatzea. - Herritarren parte hartzea sustatu. Azpiatal horren barruan, Bizikidetza Plana ari dira garatzen udal talde guztien artean. Horrekin batera, beste hainbat ekintza zerrendatu dute: herritarrekiko komunikazioa hobetzea, euskarri egokiak erabilita; parte hartzea bermatzea; bizilagun berrien integrazioa indartzea eta Plangintzako Aholku Batzordea martxan jartzea.