Otsailaren 2an egin zuten lehenbizikoa, egun batekoa. Kiroldegia egun osoz itxita egon zen, eta bizikleta martxa nahiz elkarretaratzea egin zuten udaletxe atarian. Aurrez, urtarrilean ELAren mozio bat aurkeztu zuten EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek, Udal Gobernuari eskatuz beharginen «baldintza duinen alde eta prekaritatearen kontra ardura hartzeko». Aho batez, lan baldintzak bermatzeko konpromisoa hartu zuten.
Otsaileko bigarrengo astean, berriz, bi egunez egon ziren greban, otsailaren 16an eta 17an. Udalak aurreko egunean, otsailaren 15eko arratsaldean egin zituen publiko kiroldegiko zerbitzua esleitzeko pleguak. Horren aurrean, otsailaren 17an agerraldia egin zuten ELAko ordezkariak eta langileek, pleguetan langileen baldintzak «arrisku larrian» jartzen direla salatzeko.
Egun horretan bizikleta martxa eta elkarretaratzea egin zituzten; bezperan, berriz, auto karabana.
Otsaileko osoko bilkuran, oposizioko alderdiek bigarren mozio bat aurkeztu zuten, ELAren izenean, pleguen publikazio prozesua geldiarazteko eskatuz, langileen lan baldintzak horietan jasota geratu bitartean. Kasu horretan, ordea, ez zen aurrera atera. Udal Gobernuko ordezkariek kontra bozkatu zuten, udala ez dela negoziazio kolektiboaren parte eta hitzarmena ez duela udalak sinatu behar argudiatuz.
Martxoan lanuzteekin jarraitzea erabaki eta egutegi bat osatu zuten beharginek eta ELA sindikatuak: martxoaren 2an, 3an eta 4an hirugarren greba deialdia egingo zutela, eta handik bi astetara, hau da, aste honetarako, laugarrengoa. Hainbat mobilizazio egin zituzten martxoko lehenbiziko astean —besteak beste, kiroldegiko kantxara atera ziren, eskubaloi partidaren aurretik, beren aldarrikapenak egitera— eta oraingoan ere beste hainbeste aurreikusi dituzte.
Hala, gaur elkartasunezko zumba saioa egingo dute Lege Zaharren enparantzan, 18:30etik aurrera. Bihar, auto karabana egingo dute, eta ostiralean, berriz, kanpaldia udaletxearen aurrean, 17:00etatik 19:30era. Era berean langileek esku orriak banatuko dituzte, lan gatazkaren nondik norakoak azaltzeko.
Larunbat eguerdian, aldiz, manifestazioa egingo dute kiroldegitik udaletxe atariraino. 12:00etan hasiko dute. Era berean, «aurrerapausorik ezean», greba mugagabea egiteko asmoa dute martxoaren 27tik aurrera.