Behin urgentzia aho batez onartuta, EH Bilduko Naiara Carvajalek adierazi zuen pleguetan hitzarmenaren kontua irekita geratzen dela, eta beraz, datorren enpresak aukera duela nahi duen akordioa aplikatzeko. Gogoratu zuen langileen plataforma ez dela pleguetan jasota geratzen, eta zentzu horretan, Udal Gobernuak pleguak egin eta beharginen baldintzak zehazten dituen heinean erantzukizuna baduela. Horregatik, eskatu zion langileei emateko aukera euren plataforma negoziatzekoa.
Irabazi Zarautzeko Oihane Delgadok bat egin zuen harekin, eta eskatu zuen kontratazio prozesua gelditzeko eta pleguak berrikusteko, langileen aldarrikapenak pleguetan sartzeko. Hori borondate kontua dela nabarmendu zuen.
PSE-EEko Gloria Vazquezek azpimarratu zuen Udal Gobernua arduraz ari dela jokatzen egoera ahalik eta ondoen konpontzeko.
EAJko bozeramaile Jesus Aranak gauza bera esan zuen: pleguek legea bete behar dutela eta udal gobernua arduraz ari dela jokatzen. Pleguak zehazterakoan, nahiz eta iraungita dagoen, instalazio publikoen hitzarmena erabili dutela jakinarazi zuen, eta prezioen kalkulua «gainetik» egin dutela. «BPN baino altuagoak dira; bikoiztu egin ditugu».
Orain plegua publiko egin dituztela, enpresa eta langileak eseri eta hitzarmena negoziatzeko ordua dela esan zuen. «Udala ez da negozioazio kolektiboaren parte; hitzarmena ez du udalak sinatu behar.Kontratatzaile gisa, udalak bete ditu bere etxekolanak. Orain beste batzuei dagokie horiek egitea».
EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek aurkeztutako mozioa ez zen aurrera atera, EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu baitzuten.