Kiroldegiko langileen auzia

Kiroldegiko langileen lan baldintzak bermatzeko konpromisoa hartu dute

Zarauzko Hitza 2017ko urt. 5a, 10:30

Herenegungo udalbatzarra bertatik bertara jarraitu zuten Balea Igeriketa eta BPXport enpresetako langileetako batzuk (Aritz Mutiozabal).

Kiroldegiko langileen lan hitzarmenaz mozioa aurkeztu du ELA sindikatuak eta EH Bilduk zein Irabazi Zarautz udal taldeek bere egin dute. Alderdi guztien babesarekin atera da aurrera.

Abenduaren 29ko udalbatzarrean aurrekontuen gaiak luzerako eman zuenez, lantzeko denborarik izan ez zuten gaiei heldu zieten herenegun, jarraipeneko osoko bilkuran. Horien artean bat ELA sindikatuaren mozioa izan zen, EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek eurena eginda aurkeztu zutena. Horren bidez, kiroldegiko langileen  «baldintza duinen alde eta prekarietatearen kontra ardura hartzeko» eskatu zioten Udal Gobernuari. Era berean, «arazoari konponbidea emateko martxan jarri beharreko mekanismo guztiak» abian jartzeko ere galdegin zioten.

EH Bilduko Naiara Carvajalek irakurri zuen testua, eta adierazi zuen udalak azpikontratatutako Balea Igeriketa eta BPXport enpresetako langileek «hilabeteak» daramatzatela gorabeherekin. Apirilean, Balea Igeriketa enpresako harrera zerbitzuan murrizketak izan zirela adierazi zuen: «Udaleko langile batek azpikontratatuta zegoen langilearen postua hartu eta azken hau lanaldi oso txiki batekin gelditu zen».
«Atzetik zerbait sakonagoa» bazegoela-eta, udalarekin bilera egin zuten. Haiek  kiroldegiko zerbitzuak «hutsune ekonomikoak» zituela erantzun zieten, eta «zerbitzuaren baldintza berriak publikatzea baloratzen ari zirela zein hitzarmen kolektibo izango zen etorkizunean langileek izango zutena».

Egoeraren «ziurgabetasuna» ikusita, kiroldegiko langile kolektiboak hitzarmen propioa negoziatzeko bideari ekin zion, ELA sindikatuak bultzatuta.Uztailean, Gipuzkoako kirol instalazio publikoetako hitzarmena oinarri duen plataforma bat aurkeztu  zuten, eta urrian udalak ezezkoa erantzun ziela jakinarazi zuen Carvajalek, ELAren idatziaren bitartez. Honakoa dio testuak: «Plegu berriak atera eta kiroldegiaren zerbitzua integratuko den honetan, euren lan baldintzak eurek adosteko dokumentu batean jaso nahi dituzte, baina udalak ez du horretaz hitz egiteko aukerarik ere ematen». Udalarekin harremanetan jartzea «ezinezkoa» dela jaso dute.

Horren aurrean, Carvajalek gaineratu zuen «negoziazio kolektiborako eskubidea langile ororen eskubidea» dela.  «Langileen ordezkariek plataforma bat aurkeztu baldin badute, gutxienez haiekin eseri eta hitz egin behar da». Negoziazioa langileen ordezkarien eta enpresaren artean egin behar dela nabarmendu zuen Carvajalek, baina udalak «ardura zuzena» duela gai honetan. «Hau bermatzeko konpromisoa ere badu udalak».

Oihane Delgado Irabazi Zarautzeko ordezkariak nabarmendu zuen koalizio horren helburua langileen subrogazioa eta lan baldintzak bermatzea dela. «Eta horiek, hain justu, ez daitezela izan udal langileenak baino okerragoak».


Aho batez

PSE-EEko bozeramaileak bat egin zuen mozioarekin eta ELA sindikatuko ordezkariarekin harremanetan jarri dela jakinarazi zuen, harekin zuzenean hitz egin eta gaiaren berri izateko. «Kiroldegiko ardura PSE-EErena izan ez arren, langileekiko kezkak interesatzen zaizkigu beti eta haiei entzuteko prest gaude». Argitu zuen, era berean, gatazka enpresa eta langileen artekoa dela. «Udalak  pleguak prestatzen ditu eta horren barruan hainbat baldintza hartu behar dira kontuan, baina zehaztu behar da arazoa ez dela zuzenean udalarekikoa».

Jesus Arana EAJko bozeramaileak gogoratu zuen urrian egindako bileran Udal Gobernuak konpromiso bat hartu zuela: abenduaren amaierarako plegu berriak prestatuta izatea, alegia. Eta prestatu, prestatu dituztela. Gaineratu zuen Udal Gobernuak negoziazio kolektiboaren esparrua errespetatzen duela: «Gure ardura da eta izan da pleguetan langileek dituzten eskubideak bermatzea eta eskatutakoa betetzea: batetik, langileen subrogazioa eta bestetik lan baldintzak bermatzea». Udalak bitartekari lana egin dezakeela esan zuen, baina ezin duela «inoiz eseri langile eta enpresako ordezkarien negoziazio mahai batean». Baiezko kritikoa eman zuen EAJk.

Hala, mozioa aurrera atera zen, aho batez.


Hitza hartzera

Aurrez, abenduaren 29ko osoko bilkura hasi baino orduerdi lehenago, Amaia Garatek hitza hartu zuen Zarautz Balea Igeriketa eta BPXporteko langileen izenean. Azaldu zuenez, kiroldegiko zuzendaritzak bertan eskaintzen diren jardueretan «inoiz baino zarauztar gehiagok» parte hartzen duela jakinarazi die duela gutxi, eta bertako langileak eurak zoriondu egin dituzte, horretan «zerikusi zuzena» izan dutelako.
Hala ere, «ulertezina» egiten zaie «herriari eskaintzen zaion eta ongi funtzionatzen duen zerbitzuko langileekin bilera bat egiteko hainbeste denbora pasatzea». Hain justu ere, kiroldegiko langileek lan hitzarmen baten beharra aldarrikatu dute azken asteetan.

Horren harira, ondorengoa galdetu zion Garatek Xabier Txurruka alkateari: «2017ko urtarrilaren 3tik aurrera kiroldegiko langileokin biltzeko eta lan hitzarmen bat negoziatzeko konpromisoa hartzen al duzu?». Alkateak zera erantzun zuen: «Pentsatzen dut aste honetan jasoko zenutela jarduerako alkatearen deia eta gonbidapena eskatzen duzuen bilera hori izateko».

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide