Mikel Agirrezabala Putzu Beltzean taldeko abeslaria eta gitarra jotzailea da. Musikari gaztea da, eta hasiberri baten ilusioa eta indarra helarazten ditu.
Nondik datorkizu gitarra jotzeko eta abesteko grina?
12 bat urte nituela baxua jotzen ikasi nahi nuen, baina instrumentua erosi ondoren, ez nuen erabiltzen. Handik urte batzuetara gitarra bat hartu eta nire kabuz hasi nintzen pixkanaka metal eta punk kantuak ikasten. Egoerak eraman ninduen abestera. Inguruko lagun batzuek abeslari bat behar zuten talde bat osatzeko, eta ideia askorik izan gabe, taldean hastea erabaki nuen abeslari eta gitarrista gisa.
Zer duzu nahiago, gitarra jotzea ala abestea?
Biak aldi berean, edo bat bera ere ez. Batarekin edo bestearekin bakarrik erdizka geratzen naiz. Bat aukeratzekotan, agian, nahiago dut gitarra bakarrik, baino biak batera gustatzen zait.
Musika munduan duzun erreferente bat?
Dezente etortzen zaizkit burura: Su ta Gar taldeko Aitor Gorosabel, Berri Txarrakeko Gorka Urbizu eta Latzeneko Aitor Uriarte.
Musika mundutik kanpo duzun erreferente bat?
Nire aitonarekin geratzen naiz. Bizitzako arlo askotan, gehienbat ikasketetan, bideratu nauen pertsona izan da bera.
Zein abestik ezin du falta zuen kontzertuetan?
Su Ta Gar taldearen Jo ta ke kantuak, zalantzarik gabe. Bestelako erantzun bat emate aldera, Infernuko ateetan esango nuke. Kontzertuak bukatzeko aukeraketa bikaina da.
Bertsioak ala abesti propioak?
Bertsioak jotzen hasi ginen, baina geroz eta gusturago jotzen ditut guk sortutako abestiak. Gure abestiak jotzen saiatzen gara kontzertuetan, nahiz eta noizean behin bertsio politen bat sartzea ere gustatzen zaigun.
Ametsetako kolaborazio bat?
Euskal metaleko eta rockeko artista handiren batekin gustatuko litzaidake kolaboratzea. Su ta Garrekin, Latzenekin, Gorak Urbizurekin… Niretzako sinestezina izango litzateke haiekin elkarlanean jardutea.
Baduzu musika gune kutunik?
Bilboko Bilborock aretoa; behin izan nintzen bertan kontzertu bat ikusten eta oso gustura egon nintzen. Gertuago ere baditut gune kutunak; Getariako eta Zarauzko gaztetxeak dira kontzertu gehien ikusi ditudan txokoak.
Musika entzuterakoan, streaming bidez ala fisikoan?
Atsegin dut streaming bidez entzuten ditudan diskoen kopia fisikoak ere edukitzea. Streaming bidez entzutea erosoagoa bada ere, musika euskarri fisikoan izatea gustatzen zait.
Zein da musikaren arloan bete nahi duzun amets bat?
Ez ditut famatu bihurtuko diren abestiak egin nahi, abesti itsaskorrak baizik. Nahi nuke mezuak, melodiak eta hitzak jendearen buruan geratzea, askotan jakin gabe nireak direla. Oskorriri zera entzun nion behin elkarrizketa batean: "Musika ez dadila izan famatua, popularra baizik".