Udal eta foru hauteskundeak 2027

Eusko Alkartasunak Ainhoa Salegiren hautagaitza babestu du

Enara Ariznabarreta

Ainhoa Salegi Makazaga Zarauzko EH Bilduren alkategaia. (EH Bildu)

Alderdiak positibotzat jo du EH Bilduren Mahai Potilikoak egindako proposamena, eta Salegiren ibilbide eta esperientzia zabala, eta kudeatzeko gaitasuna eta ahalmena nabarmendu ditu.

Zarauzko Eusko Alkartasunako Tokiko Batzorde Eragileak publikoki adierazi du Ainhoa Salegiren hautagaitza babesten duela, datozen udal hauteskundeetan EH Bilduren zerrendaburu izateko. Alderdiak positibotzat jo du EH Bilduren Mahai Politikoak egindako proposamena, eta Salegiren ibilbidea eta esperientzia nabarmendu ditu.

Hori horrela, Eusko Alkartasunaren arabera, Salegik "ezagutza zabala" du Zarauzko errealitate ekonomiko eta sozialaren inguruan, herriko enpresa garrantzitsuenetako batean egindako ibilbideari esker. Kudeaketan eta antolaketan duen esperientziak udal-lanari eta herriarentzako etorkizuneko proiektu politiko baten garapenari "balio erantsia" eman diezaiokeela uste du alderdiak.

Tokiko Batzorde Eragileak adierazi du Zarautzek erronka berriei aurre egin behar diela. Horretarako, "ekimen politikoa berreskuratu eta pertsonak, herritarren parte-hartzea, justizia soziala eta garapen iraunkorra erdigunean jarriko dituen udalerri-eredua" sustatu behar dela. Ildo horretan, EAJk azken urteotan herrian garatu duen kudeaketa-ereduari buruzko eztabaida politikoa bultzatzearen, eta udalerriaren egungo zein etorkizuneko erronkei erantzungo dieten proposamen berriak lantzearen alde egin du.

Era berean, "alternatibak eskaintzea, ideia berriak bultzatzea eta gure herriarentzat funtsezkoak diren kezkei erantzutea" beharrezkoa dela diote. Esaterako, "etxebizitza duina eskuratzeko aukera bermatzea, herritarren ongizatea hobetzea, tokiko ehun ekonomikoa indartzea, zerbitzu publikoak defendatzea, euskararekiko konpromisoa duen hizkuntza-politika sustatzea eta ingurunea babestea" aipatu ditu lehentasunezko erronka gisa.

Horrenbestez, Eusko Alkartasunak Zarautzen EH Bilduk duen proiektu partekatua indartzeko borondatea agertu du, sentsibilitate politiko desberdinen aniztasuna errespetatuz eta udal-alternatiba zabal, parte-hartzaile eta eraldatzailea eraikitzeko helburuarekin. Alderdiaren esanetan, Salegiri emandako babesa "proiektu kolektibo horren aldeko apustua" ere bada. Hau da, "udal politika ulertzeko modu berri baten aldekoa eta aukera gehiago, justizia sozial handiagoa eta bere etorkizuna erabakitzeko ahalmen handiagoa izango dituen Zarautz baten aldekoa".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide