Itasuako grebalariak ordezkatzeko kontratatutako langilearen prestakuntza ikertzea eskatu du ELAk

Intza Trula

Itasua IATko grebalariak, gaur, Eusko Jaurlaritzari ikerketa formala egiteko eskatzeko prentsaurrekoan. (ELA)

Sindikatuak egiaztatu nahi du "ea langile horrek ibilgailuen azterketa teknikoak egiteko eskatzen den prestakuntza jaso duen, aurkeztutako ziurtagiriak benetakoak diren eta indarreko araudiak ezarritako gaitasun baldintzak betetzen dituen".

ELA sindikatuak ikerketa formala eskatu du Itasua enpresak grebalarien ordez lanean aritzeko kontratatutako pertsonaren prestakuntzari buruz. Sindikatuak egiaztatu nahi du "ea langile horrek ibilgailuen azterketa teknikoak egiteko eskatzen den prestakuntza jaso duen, aurkeztutako ziurtagiriak benetakoak diren eta indarreko araudiak ezarritako gaitasun baldintzak betetzen dituen".

Uztailaz geroztik greba mugagabean dira Zarauzko eta Bergasako Itasua IATko langileak, eta hilabete berean ELAk sindikatuak salatu zuen greban zegoen langile bat ordezkatzeko beste bat kontratatu zuela enpresak. Lan Ikuskaritzak sindikatuari arrazoia eman zion; "arau hauste larritzat" jo zuen Zarauzko lantokian zuzendaritzak egindakoa, eta 30.000 euroko isuna jarri zion enpresari urrian.

Era berean, ELAk zalantzan jarri ditu Eusko Jaurlaritzak enpresan bertan egindako kontrolak, eta azalpen politikoak eskatu dizkie EAJri eta PSE-EEri. Zehazki, jakin nahi du administrazioak zer egiaztapen egin zituen langilea lanean hasi aurretik, eta nola bermatzen duen IAT estazioetan araudia betetzen dela.

Aldi berean, ELAk dio ez duela "aurretiazko epaiketarik" egin nahi, baina uste du administrazioak jardun egin behar duela "oinarri sendoak dituzten susmoen aurrean". Ildo horretatik, ondorengoa gehitu du sindikatuak: "Auziak lan gatazka gainditzen du, eta herritarren segurtasunari, langileen eskubideei eta kontrol publikoaren eraginkortasunari ere eragiten die".

Egoera horren aurrean, ELAk "ikerketa zorrotza eta gardena" eskatu du, "gertatutakoa argitzeko eta dagozkion erantzukizunak zehazteko". Era berean, "irregulartasun larriak" egiaztatzen badira, Itasua enpresari IAT zerbitzua emateko emakida kentzeko prozedura abiaraztea eskatu du, "betiere araudiak eta kontratu baldintzek horretarako aukera ematen badute".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide