Itasua IAT-ko lan gatazka

Lan Ikuskaritzak 30.000 euroko zigorra ezarri dio Itasuari, greban dauden langileak ordezkatzeagatik

Enara Ariznabarreta

IATko langileek joan den ostegunean egindako manifestazioa. (Enara Ariznabarreta)

ELA sindikatuak "azken bost urteetan Itasuako jabeek hamar milioi euro inguruko irabaziak" lortu dituztela gogorarazi du, eta aberastasun hori "langileen lanari esker" sortu dela azpimarratu.

Lan Ikuskaritzak 30.000 euroko isuna jarri dio Itasua IAT enpresari, greba eskubidea urratzeagatik. ELA sindikatuak uztailean salatu zuen greban zegoen langile bat ordezkatzeko beste langile bat kontratatu zuela enpresak. Lan Ikuskaritzak sindikatuari arrazoia eman zion; "arau hauste larritzat" jo zuen Zarauzko lantokian zuzendaritzak egindakoa, eta zigorra ezartzeko prozesua abian jarri zuen.

Prozesu hori amaituta, Itasuari ezarritako isuna jakinarazi du orain Lan Ikuskaritzak. Ebazpenaren arabera, enpresaren jarduerak "grebarako oinarrizko eskubidea urratu du", greban dauden langileak kontratazio berriekin ordezkatuta. Praktika hori debekatuta dago Lan Harremanei Buruzko 17/1977 Errege Dekretuarenn arabera.

Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) derrigorrezko proba dela eta zerbitzuak etekin ekonomiko handiak sortzen dituela gogorarazi du ELAk. Azpimarratu du "azken bost urteetan Itasuako jabeek hamar milioi euro inguruko irabaziak" lortu dituztela, eta aberastasun hori "langileen lanari esker" sortu dela. Horregatik, irabazien zati bat lan hitzarmen bidez langileekin banatzea eskatu du sindikatuak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide