Itasua enpresak grebarako eskubidea urratu duela ebatzi du Lan Ikuskaritzak

Ekaitz Etxabe 2026ko uztailaren 24a

Zarauzko eta Bergarako IATko langileak, Zarauzko lantokiaren kanpoan, pasa den asteko protesta egun batean. (Ekaitz Etxabe)

Lan Ikuskaritzak arrazoia eman dio ELA sindikatuari, eta horri dagokion zigorra jartzeko prozesuari ekin dio. Gainera, Ikuskaritzak "arau hauste larritzat" jo du Zarauzko lantokian zuzendaritzak egindakoa.

Atzo goizean elkartu ziren Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan (CRL) Zarauzko eta Bergarako IATko langileak enpresarekin. Bilerak ez zuen emaitzarik eman, eta greba mugagabeari eutsiko diotela jakinarazi zuten beharginek. Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzari gatazkan inplikatzeko eskatu zion ELA sindikatuak.

Horrez gain, enpresa greba eskubidea "urratzen" ari dela salatu zuen sindikatuak, "greban dauden langileen lanpostuak kontratazio berriekin ordezkatzen" ari baita. Hori horrela, ELAk Lan Ikuskaritzaren aurrean salatu zuen greba eskubidearen urraketa hori, eta Ikuskaritzak arrazoia eman dio. Sindikatuaren esanetan, "egindako ebazpenak argi jasotzen du kontratatutako langile horrek grebalariak ordezkatzeko helburua izan duela". Gainera, Lan Ikuskaritzak "arau hauste larritzat" jo du enpresaren jokabidea, eta horri dagokion zigorra jartzeko prozesuari ekin dio.

ELAk jakinarazi duenez, langileek "pozik" hartu dute berria, eta zuzendaritzari berriz eskatu diote horrelako ekintzetan baino, "hitzarmenaren negoziaketan" zentratzeko. Negoziazioan aurrerapausorik eman ezean, abuztuan "grebari eusteko indarra" dutela adierazi dute langileek.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide