Txapeldunen Ligako ereduarekin jokatuko dute aurten Hondartzako Futbol Txapelketa

Eneko Eizagirre Perez

Tivoli Naparrak eta Txanela taldeen arteko partida bat, iaz. (Aritz Mutiozabal)

Larunbat goizean hasiko da 2026-27 denboraldia. Guztira, 43 talde izango dira aurten, nesketan hamalau eta mutiletan 29. Berrikuntza modura, liga bakarra egongo da neskentzat zein mutilentzat, baina talde guztiek ez dute elkarren aurka jokatuko. Zozketa bidez erabaki da bakoitzak noren aurka jokatuko duen.

Asteburu honetan abiatuko dute Zarauzko 82. Hondartzako Futbol Txapelketari. Norgehiagoka bat salbu, larunbat goizean jokatuko dituzte 2026-27 denboraldiko lehen jardunaldiko partida guztiak, 10:15etik aurrera;  senior mutilen kategoriako, Katixa eta Telesforo erretegia taldeen artekoa igandean izango da, 11:00etan.

Aurten, 43 taldek eman dute izena txapelketan: hamalauk emakumezkoetan, eta 29k gizonezkoetan. Iazko denboraldiarekin alderatuta, bost talde gehiagok hartuko dute parte aurten; horietatik lau dira gizonezkoenak, eta bat emakumezkoena. Emakumezkoetan, Euskal Parrillak utzi du, eta Marina Txiki eta UMA dira talde berriak; eta bi taldek babeslez aldatu dute: lehen Shelter-Pukas zirenak orain Izeta dira, eta Orbela zirenak orain La Potx. Gizonezkoetan, Davak utzi egin du, eta Itsaso, Txikipolit taberna, Francesena sarraila denda, La Potx eta Marmarra dira berriak. Horrez gain, bi dira babeslez aldatu dutenak: Txanelakoak Nautico izango dira aurrerantzean, eta Las Palmeras zirenak Gautxori.

Talde mugimenduez gain, txapelketaren dinamikak ere aldaketa izango du aurtengo denboraldian. Izan ere, aurreko urteetan ez bezala, aurtengoan liga bakarra egongo da talde guztientzat, bai nesketan, bai mutiletan. Talde guztiak sailkapen berean egongo badira ere, ez dituzte elkarren aurkako partida guztiak jokatuko. Horratx beste berritasuna.

Zozketa bidez aukeratu dituzte talde bakoitzak izango dituen nogehiagokak. Plaieroetako antolatzaileek azaldu dute orain arte aurrera eraman duten formatu tradizionalarekin ezinezkoa zitzaiela jokatu beharreko partida guztiak jokatzea, ez direlako kabitzen denboraldiko egutegian. Horregatik, UEFAren Txapeldunen Ligan oinarritutako formatua txertatzea erabaki dute.

Otsailak 21 bitarte jokatuko dute liga formatu horretan, eta ondoren, martxoaren 7an, kanporaketa faseari ekingo diete. Emakumezkoen ligan, sailkapeneko lehen lau taldeak Maria Jauregi ligako finalerdietara sailkatuko dira zuzenean. Bosgarren postutik zortzigarrenera sailkatutakoak, berriz, Emilio Olazabal kopako finalerdiak jokatuko dituzte. Azkenik, ligako azken sei sailkatuak Mollarri kopan lehiatuko dira.

Mutilen ligan, bestalde, lehen zortzi sailkatuak izango dira liga txapelketa jokatuko dutenak, eta final-zortzireneak izango dituzte jokoan. Bederatzigarren postutik hamaseigarrenera sailkatutakoak Juan Irigarai kopako final-laurdenak jokatuko dituzte. Ligako gainerako hamahiru sailkatuak, azkenik, Mollarri kopan lehiatuko dira.

Bestalde, denboraldi honetan aurkeztuko dute plaieroen inguruan iaz grabatu zuten dokumentala. Data zehatza oraindik ez zehaztu ez duten arren, aurkezpena Modelo aretoan egin nahi dute antolatzaileek. Dokumentalaren aurkezpenaren harira, jardunaldi berezi bat egitea aurreikusten dute urtean zehar.

Urriak 10, larunbata
Senior neskak
1. Marmarra - UMA
2. Kirkilla-Enea Jatetxea - La Potx
3. Ekimen - Euskalduna Taberna
4. Marina Txiki - Lakari-Arrano
5. Kebidek - Itxaslur Taberna
6. Itxaso Taberna - 310-Kepa Osteo
7. Lukas Ardotegia - Izeta

Senior mutilak
8. Iuri Aholkularitza - KTXO
9. La Potx - Izar Optika
10. Francesena Serrila Denda - Kosta hortz Klinika
11. Ulacia Bidaiak - Txikipolit
12. Celso Castro - Euromar Acuchillados
13. Balearri-Astilero - Gau Txori Taberna
14. Etxabe Confort - Itxaso Taberna
15. Talai Mendi Kanpina - Arrano Taberna
16. Tivoli-Naparrak - Garcia Edari Banakeak
17. Pukas - Marmarra
18. Euromar - Euskalduna Taberna
19. Kirkilla-Enea Jatetxea - Asegroup

Atsedena: Asti Pinturak - Latz Taberna eta Nautico Zarautz

Urriak 11, igandea
Senior mutilak
Katixa - Telesforo Erretegia

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide