Musika kaxa

Pantailetan zein plazetan irriak zabaltzen

Intza Trula, Enara Ariznabarreta eta Gorka Eizagirre

Iraileko Zarautz Guka aldizkarian Ian Ruiz eduki sortzaile eta DJa izan da Musika kaxa-tik pasatu dena. Hona hemen egin dituen adierazpenak.

Bazter guztietara iristen da Ian Ruiz (Zarautz, 2004). Sarean zein kalean edonork jarrai ditzake bizitza pertsonalean zein profesionalean gertatzen zaizkion gorabeherak. Instagram eta Tiktok plataformetan hasi zen bideoak partekatzen, eta haren grazia ukituak kontsumitzaile ugari harrapatu ditu. Gero eta jarraitzaile gehiago dituzte Ruizen profilek, baina horrek ez du haren lanerako gosea baretu, eta DJ gisa ere badabil azken boladan.

Zein abestik ezin du hutsik egin zure saio batean?

Ez nuke jakingo abesti bakarra hautatzen, baina Charlie XCX abeslariaren kanta batek ezin du falta nire emanaldietan; onena da.

Zein da DJ batek emanaldi batean jaso dezakeen piroporik hoberena?

Oso polita da entzuleek esatea saioa motza egin zaiela edo denbora azkar joan zaiela. Horrek esan nahi du ondo pasatu dutela, ezta?

Eta zein da zuri zure emanaldi batean esan dizuten gauzarik politena?

Gogoan dut behin batek esan zidala: "Arranopola Ian, dena egiteko balio duzu!". Bazter guztietan nagoela ere esan izan didate. Balio duenak balio du, ezta? [kar-kar].

Zure DJ saioetan, zein dituzu jarraitzaile sutsuenak?

Zalantzarik gabe, nire kuadrillakoak. Beti ditut alboan, eta emanaldietan, lehen lerroa hartzen dute beti.

Zein euskal bakarlari edo talde duzu gustuko?

Bakarra esan behar al dut? Izan ere, gustuko ditut Aimarz, Euskoprincess, Kiliki, Hofe, Merina Gris, J Martina...

Zer duzu nahiago, sare sozialetarako bideoak sortzea edo oholtzaren gainera igo eta musika jartzea?

Posible da biak uztartzea, DJ emanaldi bat eskaintzen ari naizenean hori bideoz jaso baitezaket. Dena den, edukiak sortuz hasi nintzen bidea egitea; beraz, hori hautatuko nuke.

Zein da zure influencer erreferentea?

Une honetan sare sozialetan erreferentetzat dudana Panto da, Irati Erauskin. Beti esaten diogu elkarri berdinak garela, jaiotzean banandu gintuztela.

Zein da ilusio handiena egin dizun jarraitzailea?

Nire gurasoak. Inoiz ez dituzte sare sozialak kontsumitu, eta ikusi zutenean edukia sortzen ari nintzela, bakoitzak bere kontua egin zuen nire bideoak ikusi eta "atsegin dut" emateko. Online daude orain.

Hainbat koloretan eraman duzu ilea azken urteotan. Zein kolorerekin ligatu duzu gehien?

Ligeen merkatua oso gaizki dago, baina esango dut ile horiarekin gauzatxoak pasatu zirela.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide