Zarauzko babesleku klimatikoen diagnostikoa lantzen ari dela erantzun du udalak

Aritz Mutiozabal

Amalur parkea. (Aritz Mutiozabal)

Zazpi faseko proiektua izango da, eta lehenengo hiruak jada amaitu dituzte. Proiektuaren aurrekontua 13.794 eurokoa da, eta diagnostikoa urtea bukatu baino lehen amaitzea espero dute.

Zarauzko Udaleko Ingurumen zinegotzi eta PSE-EEko bozeramaile Inaxio Illarramendik jakitera eman duenez, udalak dagoeneko kontratatuta dauka babesleku klimatikoen sarea zehazteko diagnostikoa. Gisa horretan, Illarramendi EH Bilduri zuzendu zatzaio, koalizioak klima aldaketaren auziaren inguruan udal gobernuari proposatutakoa jada martxan dagoela erantzunez.

Diagnostikoak zazpi fase ditu, eta lehen hiru faseak jada amaituta daude: Zarauzko testuinguru klimatikoa aztertzea, sarea definitzeko irizpideak zehaztea eta babesleku izan daitezkeen kanpoko zein barruko espazioak aurrez identifikatzea, hain zuzen ere. Une honetan, identifikatutako espazioetara bisitak egiten ari direla jakitera eman du zinegotziak. Ondoren, babesleku klimatikoen mapa osatuko dute, espazioak egokitzeko etorkizuneko hobekuntza-plana prestatuko dute eta jarduketa-protokoloak osatuko dituzte.

Proiektuak 13.794 euroko kostua izango du, BEZa barne, eta urtea bukatu aurretik amaitzea aurreikusten dute. «Zarauz klima-aldaketaren aurrean prestatzeko beharrarekin bat gatoz. Horregatik, herritarrek jakin behar dute udala lanean ari dela eta diagnostikoa aurrera doala», nabarmendu du Illarramendik.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide