Babesleku klimatikoen inguruko diagnostikoa egitea proposatu dio EH Bilduk udal gobernuari

Aritz Mutiozabal

Herritarrak Amalur parkean, paseoan. (Intza Trula)

Klima aldaketara egokitzeko neurriei lehentasuna eman behar zaiela iritzi dio koalizioak. Amalur parkeko parte hartze prozesuan ateratako ondorioen lanketa abian jartzeko ere eskatu dio udal gobernuari.

Klima aldaketaren auziaren inguruan kezkatuta agertu da Zarauzko EH Bildu, eta udal gobernuak arazoari lehentasuna eman beharko liokeela iritzi dio. Hala, lehen pauso gisa, herriko babesleku klimatikoen inguruko diagnostikoa egitea proposatu du koalizioak; adituen eskutik, herritarrak bero boladetatik babesteko baliabideen inguruko azterketa egitea, hain zuzen ere. "Amalur parkeari buruzko parte hartze prozesuko ondorioak bat datoz klima aldaketara egokitzeko beharrarekin, eta ondorio horiek gauzatzen hasteko eskatzen diogu udal gobernuari, orain arte ez baitu halakorik egin", nabarmendu du EH Bilduk.

Aurtengo uda aspaldiko beroenetakoa izan dela gogora ekarri du koalizioak, eta herritarrak "freskura bila" aritu direla herriko hainbat txokotan, hala nola Olaa errekan, Elutzar errekan, Vista Alegre parkean eta Laurgain inguruan. "Egoera horren aurrean, ezinbestekoa da herriek neurri zehatzak hartzea, urrats horiek komunitate osoaren –eta, bereziki, pertsona zaurgarrienen– ongizatean eragin zuzena baitute. Hori horrela, Zarauzko Udalari ere badagokio, badagokigu, agendaren lehen lerrora ekartzea gaia", gaineratu du.

Zarautzen beroa gordetzen duten zementuzko azpiegiturak nagusi direla azaldu du EH Bilduk, eta trantsizio baten beharra duela: "Herrigunean gune berdeen azalera areagotzen eta daudenak zaintzen hasi beharra dago". Eremu berdeek tenperatura erregulatzen dutela azaldu du koalizioak; hiri-eremuko bero-uharte efektua leundu egiten dutela eta aldi baterako aterpe klimatikoak sortzen lagundu, alegia.

Horregatik, ezertan hasi baino lehen, beharrezkotzat jotzen du babesleku edo aterpe klimatikoen diagnostikoa egitea. "Diagnostiko hau tresna giltzarria izan daiteke bero-boladei aurre egiteko eta herritarren osasuna babesteko ditugun baliabideak ezagutu, prestatu edota esku-hartzeak non eta nola egin zehazteko", argi utzi nahi izan du koalizioak.

Amalur parkeari buruzko parte hartze prozesuaren ondorioak martxoaren 25ean aurkeztu zituen udalak, eta EH Bilduk gogora ekarri ditu horietako bi: bata, bertako espeziez eta hosto erorkorreko zuhaitzez osatutako baso bat sortzea; eta, bestea herritarren elkargune izateko altzariz hornitzea. Koalizioak dio ondorio horien jarraipenaz galdegin izan diola udal gobernuari, proiektuaren lanketa martxan badago ere ez diotelako "beharrezko presarik" eman. Bitartean, parte hartze prozesuan adostu ez ziren ekintzak egin direla azaldu du; horien artean, kanpoko espezie den eta hosto iraunkorrekoa den kanforrondoa landatzea.

EH Bilduk bat egiten du gaiaren garrantzia lehen lerrora ekarri beharrarekin, baita Amalurko parte hartze prozesuan ateratako ondorioekin ere. "Hortaz, abiatu berri dugun ikasturte honetan, udal gobernuari eskua luzatzen diogu elkarrekin babesgune klimatikoen diagnostikoa aktibatu eta Amalur parkeko proiektua martxan jartzeko".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide