Elkarrizketak

Estreinakoa, bigarren geltokia

Gorka Eizagirre eta Enara Ariznabarreta

Euskal Herriko mendi duatloien zirkuitua Zarautzera iritsiko da larunbatean lehen aldiz. Antolatzaileek 100 parte hartzaileren langa gainditzea espero dute.

Zarautz lehen aldiz sartu da aurten Euskal Herriko mendi duatloien zirkuituan, eta larunbat honetan, hilak 26, egingo dute herriko lehen mendi duatloia, Gran Camping eta Talaimendi inguruan. Zarauzko Triatloi Elkarteak antolatu du proba, eta aipatu zirkuituko bederatzi probetako bigarrena izango da.

Irailaren 19an ireki zuten egutegia, Asteasun (Gipuzkoa), eta azaroaren 28an itxiko dute, Adunan (Gipuzkoa). Tartean, Aian izango da beste proba bat, urriaren 24an, eta aurten Bidania-Goiatz (Gipuzkoa) ere gehitu dute egutegira; azaroaren 21ean egingo dute han mendi duatloia.

Lehen aldia

Siratz Aldanondo Zarauzko Triatloi Elkarteko kideak azaldu duenez, duela bi urte hasi zen bera mendi duatloietan parte hartzen, eta taldeko beste kide batzuek ere egin zuten bat esperientziarekin. Horren ondoren bururatu zitzaien zirkuituko probaren bat Zarautzera ekartzea.

Elkarteak bere antolakuntza gaitasuna baliatu nahi izan du diziplina berri bat herrira ekartzeko, izan ere, Aldanondoren hitzetan, "geroz eta proba gutxiago daude, eta zirkuitua arriskuan egon daiteke". Triatloiaren antolakuntzan esperientzia badute ere, mendi duatloia lehen aldiz ari dira prestatzen. "Guretzat zerbait berria da", aitortu du Iosu Lizasok. Horregatik, informazioa inguratu eta aurretik horrelako probak antolatu dituztenengandik ikasi behar izan dutela azaldu du.

Lan samurra izan ez den arren, herriko eragileen babesa izan dutela nabarmendu dute. Aldanondok eskerrak eman dizkie proiektuan lagundu duten Zarauzko saltokiei eta negozioei, eta bereziki Gran Camping Zarautzi, "lursailak eta instalazioak uzteagatik".

Leku paregabean

Ideia iazko zirkuituaren amaieran hasi ziren lantzen. Balizko kokapenak aztertu zituzten, eta azkenean, Gran Camping Zarautz eta Talaimendi ingurua aukeratu zuten. Aldanondoren arabera, Zarautzek aukera bereziak eskaintzen ditu, mendiaren eta kostaren arteko loturagatik. Horrek, gainera, zirkuituko beste proben aldean publiko zabalagoa erakartzeko aukera emango duela uste du. 

Halaber, Lizasok ere ibilbidearen kokapena nabarmendu du probaren indargune nagusi gisa: "Horrelako toki batean duatloi bat egitea zorte handia da. Bista paregabeak izango ditugu, eta nik uste dut zaila izango dela horrelako zerbait beste proba batzuetan aurkitzea".

Nondik norakoak

Duatloia hiru sektoretan banatuko da. Lehen sektorean, parte hartzaileek sei kilometro egingo dituzte korrika, hiru kilometroko zirkuituari bi itzuli emanda. Ondoren, mendiko bizikletaren txanda izango da; bigarren sektorean, lau kilometroko ibilbideari hiru itzuli emango dizkiote, guztira hamabi kilometro osatuz. Azkenik, kilometro bateko korrikaldiarekin iritsiko dira helmugara.

Bi modalitate egongo dira. Banakakoan, parte hartzaile bakoitzak hiru sektoreak egingo ditu, eta 16:00etan abiatuko dira horiek. Bost minutu geroago, 16:05ean, errelebo modalitateko bikoteak aterako dira; kasu horretan, bikoteko kide batek korrikako bi sektoreak egingo ditu, eta besteak mendi bizikletakoa.

Aurten zirkuituak hainbat berrikuntza izango dituela azpimarratu dute Zarauzkoek. Parte hartzaileek ezingo dute probarik alde batera utzi, aurtengo araudiak zirkuituko proba guztiak egitera behartzen ditu. Puntuazio sistemak ere aldaketa jasango du. Proba bakoitzaren irabazleak 25 puntu jasoko ditu, bigarrenak 20, eta gainerako sailkatuek puntu gutxiago. Proba batean kale egiteak aurreko sisteman sailkapen orokorrean sortzen zuen bezainbesteko aldea ez sortzea da sistema berriaren helburua, beste hitzorduetan parte hartzen jarraitzen dutenen aukerak mantenduz. Iosu Lizasoren iritziz, "jendea zirkuitu osoa egitera behartzeko egin dira aldaketak, izan ere, bestela proba batzuk hankamotz geratuko lirateke".

Halaber, errelebo modalitateak ere berrikuntza bat izango du: erreleboetako lasterketetan, bikote mistoen sailkapen bat egongo da, eta lehenengo bikoteak saria izango du. Horrez gain, ohiko beste sari batzuk ere banatuko dituzte.

Espektatibak bete

Parte hartzeari dagokionez, oraingoz 70 lagun inguruk eman dute izena, banakako eta errelebo modalitateak biak kontuan hartuta. Antolatzaileek, hala ere, datozen egunetan kopuru hori handitzea espero dute. "Guztira ehun bat parte hartzaile izango direla aurreikusten dugu. Gehiago izaten badira, hobeto", aitortu dute Lizasok eta Aldanondok.

Zarauztarren parte hartzea ere nabarmendu dute. Aldanondoren esanetan, herriko hainbat lagunek banakako probarako eman dute izena, baina, batez ere, errelebo modalitatean izango da nabarmena herrikoen parte hartzea. Horrenbestez, parte hartzaileez gain, kuadrilla eta lagun talde ugari espero dituzte Talaimendi inguruan. "Boluntarioak eta lagun talde handi bat izango gara han, eta animoak ez dira faltako", esan du Lizasok.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide