Kalifornian galdu arren, Championship Tour-eko azken fasera sailkatu da Nadia Erostarbe

Maddi Txintxurreta

Nadia Erostarbe surflari zarauztarra. (Basque Team)

Zarauztarra Kalifornian lehiatu da Championship Tour txapelketaren bederatzigarren proban, eta Eden Wallaren aurkako txanda galdu arren, CTko sailkapen orokorreko 11. postuan da, gorengo mailan segitzeko hamalau postuen barruan. Urriaren erdian Portugalen izango da, munduko zirkuituko azkenaurreko proban. 

Nadia Erostarbe zarauztarrak munduko surflari onenak lehian jartzen dituen Championship Tour (CT) txapelketako azken fasera sailkatzea lortu du. Larunbatean jokatu behar zuten Kaliforniako txapelketako lehen txanda emakumeek, baina itsasoaren egoera tarteko, atzeratu egin zuten hitzordua, eta atzo lehiatu ziren horiek aurrenekoz.

Erostarbe ere atzo lehiatu zen San Clementen, CT zirkuituko bederatzigarren proban, Lexus Trestles Pro izenekoan, eta ez zuen lortu txapelketan aurrera egiterik; hark baino puntuazio hobea lortu zuen haren txandako aurkariak, Eden Walla estatubatuarrak. Hala ere, sailkapen orokorrean lehenengo hamalau surflarien artean segitzen du zarauztarrak, eta beraz, Portugalen izango da urriaren erdialdean, CT txapelketaren hamargarren proban.

Erostarbek, hortaz, munduko hamalau surflari onenen zerrendan segitzea eta munduko zirkuituko aurtengo azken bi hitzorduetan parte hartzea –Portugalen eta Filipinetan izango dira– lortu du Kalifornian egindako lana tarteko. Gaur-gaurkoz sailkapeneko 11. postuan da, 23.915 punturekin.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide