Brasilgo Vivo Rio Pro txapelketan hirugarren postuan geratu ostean, munduko hamar surflari onenen artean sartu da Nadia Erostarbe (Zarautz, 2000). Aurreko denboraldian lortu zuen Championship Tour (CT) kategoriara igotzea, eta aurten konfiantza "berreskuratu" duela ziurtatu du.
Egun batzuk etxean igaro ondoren, berriz kanpoan zabiltza. Zein txapelketa tokatzen zaizu oraingoan?
Orain bikotekidearekin egun batzuk pasatzera etorri naiz Kantabriara [Espainia]. Hurrengo txapelketari dagokionez, oraindik ez dut erabaki zeinetan hartuko dudan parte. Challenger Series kategoriako txapelketa bat hasiko da uztailaren 12an, eta CT kategoriak abuztuaren 8an jarraituko du. Orain, bi txapelketen artean aukeratzea tokatzen zait. Batetik, CT kategorian zentratu naiteke ehuneko ehunean, baina horrek badu bere arriskua, izan ere, sailkapeneko lehen hamalau surflariak soilik sailkatzen dira datorren urteko CTra. Orain hamargarren banago ere, denboraldia luzea da, eta behera egin dezaket. Bestetik, Challenger Series kategorian lehiatu naiteke, ahal den heinean lan ona egingo dudala ziurtatzeko, nahiz eta hori inoiz ezin daitekeen ziurtatu. Zalantza hori daukat orain, eta aste honetan oporretan banago ere, laster hartu beharko dut erabakia.
Duela lau hilabete eskas lortu zenuen CT-ra igotzea, eta jada sailkapenaren aurreko puntan zabiltza. Kategoriara erraz egokitu zarela dirudi. Hala izan al da?
Ez. Joan den denboraldian eduki nuen CT kategorian pare bat txapelketa jokatzeko aukera. Hor konturatu nintzen kategoria honetan zer maila dagoen: surflariek nola entrenatzen duten, gimnasioan zenbat denbora pasatzen duten eta zenbat saiatzen diren, izugarria da. Aurtengo denboraldia hasi aurretik, alderdi horiek guztiak kontuan hartzen eta nire errutinan txertatzen saiatu nintzen, eta iazko denboraldian baino hobeto aritu naiz. Aurreko sasoian ez nuen txandarik pasatzea lortu, eta aurten bi finalerdi jokatu ditut denboraldiaren lehen erdian. Erraza ez da izan, baina joan den urtean CT kategorian jokatutako bost txapelketa haiek mesede handia egin didate.
Aipatu dituzun bost txapelketa horiek ez zitzaizkizun nahi bezala irten. Aurten, ordea, emaitzak ikusi besterik ez dago. Zer aldatu duzu?
Lehenik eta behin, konfiantza berreskuratu dut. Duela bi denboraldi CT kategoriara igotzeko postu bakar batera geratu nintzen, eta joan den denboraldian kategoria horretan jokatu nituen txapelketak beste surflariren batek parte hartu ezin zuelako egin nituen. Beraz, kategoria horretan lehiatzea ez nuela merezi sentitzen nuen. Aurten, ordea, sentsazio hori guztiz aldatu da, nire merituz iritsi bainaiz nagoen lekura. Aldaketa handia izan da hori niretzat, neuk irabazi baitut CT kategorian lehiatzea eta hor lehiatzeko maila daukadala erakutsi baitut.
CTraino iristeko bide gogorra eta luzea igaro duzu, baina behin gorengo kategorian, edozeinen aurka lehiatzeko gai zarela erakutsi duzu. Bideak merezi izan al du?
Beti merezi izaten du. Hor goian zaudenean eta emaitza onak lortzen dituzunean, egindako bideak merezi izan duela pentsatzen duzu. Duela bi denboraldi, CTra sailkatzeko postu bakar batera geratu nintzenean, azken txapelketetan ezin izan nuen behar bezala lehiatu, lesio bat tarteko. Oso momentu gogorrak izan ziren. Joan den denboraldian ere, urtea oso ondo hasi nuen, baina hiru txapelketatan jarraian lehen txandan kaleratu ninduten, eta pentsamendu ezkorrak itzuli ziren. Konfiantza galtzen duzu halakoetan, baina apur bat sinplifikatzen saiatu behar da, horretan gehiegi ez pentsatzen. Hala egin dut aurten, eta esango nuke ondo funtzionatu duela.
Igoera lortu zenuenean, ezin izan zenuen etxera itzuli. Hala ere, ospatu al zenuen?
Newcastle-en [Ingalaterra] nengoen Adur Amatriainekin, nire bikotekide Guillerekin [Gutierrez] eta Anette Gonzalez Etxabarrirekin. Parranda pixka bat egin genuen, baina han ez dute hemen bezalako ospakizunik egiten, horretan ez dira hain onak. Hala ere, oso ondo pasatu genuen. Neu ez naiz oso parrandazalea, ez zait gehiegi gustatzen gauez ateratzea. Hala ere, noizean behin ondo dago. Orain, Zarautzen, gehiago aprobetxatu dut: sanpelaioetan bueltatxo bat eman nuen kuadrillakoekin. Beraz, ospatuta geratu dira CT kategoriarako sailkapena eta lortutako emaitzak.
Vivo Rio Pro txapelketan hirugarreneginda, munduko hamar surflari onenen artean egotea lortu duzu. Imajinatzen al zenuen halakorik CTra igo zinenean?
Ez, inondik ere ez. Agian, imajina nezakeen pare bat txanda pasatzea. Beti saiatzen naiz nigan konfiantza izaten, baina maila horretan, oso zaila da. Maila handiko hainbeste surflari ikusten duzu zure inguruan, hain maila handiko txandak… Maiatzean Snapper Rocks-en [Australia] jokatutako txapelketa arte ez nuen aparteko puntuaziorik eskuratu, eta aurreko denboraldiko azken txapelketa nola joan zen ikusita, ez nuen inondik ere imajinatzen halako emaitzarik lortuko nuenik. Snapper Rocksen sentitu nuen lehen aldiz aukerak ditudala CT kategoriako txapelketa bat irabazteko.
Vivo Rio Pro-n, gainera, Caitlin Simmers egungo munduko txapelduna menderatu zenuen. Izugarria izan zen, ezta?
Bai, bai. Surflari handien aurka ari naiz lehiatzen, eta horiei irabazi ahal izatea izugarria da niretzat. Caitlin Simmers, txanda bat lehenago joan den urteko munduko txapeldun Molly Picklum, 2024ko Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi zuen Caroline Marks ere menderatu dut aurten, orain CT kategorian aurrena doan Gabriela Bryan… Izen handiak dira horiek, eta oso pozik nago lortzen ari naizenagatik.
Zure entrenatzailea, Guille Gutierrez, bikotekide ere baduzu. Entrenatzailearekiko gertutasun hori garrantzitsua al da zuretzat?
Bai. Nire bikotekidea ez balitz, edo beste entrenatzaile bat izango banu ere, oso garrantzitsua izaten da entrenatzaileak kirolaria ondo ezagutzea. Guillek baino hobeto ez nau inork ezagutzen, beraz, horrek asko laguntzen du. Berehala ikusten du noiz nagoen konfiantza gabe, eta badaki une oro nola hitz egin eta nola gidatu. Hein handi batean, berari esker nago orain nagoen lekuan. Beste entrenatzaile batzuk ere izan ditut, baina bera beti nire ondoan egon da, eta berak ere asko ikasi du entrenatzaile horiengandik. Lan asko egin dugu biok eta asko ikasi dugu bide honetan.
Zer pasatu zen zure burutik hamar onenen artean zeundela jakin zenuenean?
Horretan gehiegi ez pentsatzen saiatzen naiz, aldatu daitekeelako. Denboraldia amaitzeko asko geratzen da oraindik. Oso pozik nago, eta etorkizunean, une batean munduko hamar onenen artean egon nintzela esango dut. Alde horretatik, oso zuhurra naiz. Nire aurtengo helburua munduko hamar surflari onenen artean mantentzea da, beraz, pozik nago oraingoz ondo noalako, baina denboraldia luzea da eta ez dut nahi gehiegi amesterik. Helburua hori da, baina inork ez daki nola amaituko den urtea.
Lau hilabete igaro dituzu etxetik kanpo. Gogorra izan al da?
Momentu onak eta txarrak egon dira. Orokorrean, oso gustura egon naiz. Urruneko lekuetan Guille nire ondoan egotea ere garrantzitsua da niretzat. Azkenean, surfa oso bakarkako kirola da, denbora asko igarotzen duzu bakarrik. Horregatik, Guille nire alboan egoteak etxean bezala sentiarazten nau. Hala ere, momentu gogor ugari pasatu dut, eta askotan nahi izan dut etxera itzultzea. Atzera begiratuta denbora asko ez dela igaro badirudi ere, zenbait unetan lau hilabete hauek luzeak egin zaizkit. Orain, berriz bi hilabete egongo naiz etxera itzuli gabe. Behin martxa hartu eta lekutik lekura bidaiatzen ari zarenean, dezente azkar pasatzen da denbora, baina ez da erraza izaten.
Joan den astean itzuli zinen etxera, eta herriak ongietorria egin zizun. Ederra izango zen zuretzat, ezta?
Bai. Izugarria da Zarauzko surf komunitatea. Beti egiten dizkigute joan den astekoa bezalako ongietorri politak. Gogo handia neukan Zarauzko surfeko lagunekin egoteko, bizitza osoko lagunak baititut eta ordu asko igaro baitut beraiekin uretan. Denak elkartzea, niri ongietorri bat egiteko eta egindakoagatik zoriontzeko, oso polita izan zen.
Ezin izan zenion emozioari eutsi. Zer pasatu zen zure burutik?
Oso sentikorra naiz, edozergatik egiten dut negar. Hainbeste lagun niri harrera egiteko elkartu zela ikusteak asko hunkitu ninduen. Gainera, goiz hartan bertan iritsi nintzen Zarautzera, eta hainbeste denboraren ostean etxean nengoela pentsatzeak izugarri emozionatu ninduen.
Etxetik kanpoko denbora horretan, zer izan da gogorrena?
Zeelanda Berrian nengoela, ahizpa ezkondu zen eta nik ezin izan nuen haren ezkontzan egon. Dudarik gabe, hori izan zen lau hilabeteetako une gogorrena. Gainera, ezkontzaren aurreko egunean kanporatua izan nintzen, eta oso gogorrak izan ziren egun horiek niretzat. Hunkituta nengoen, halako gauzak ez baitituzu inoiz galdu nahi. Hala ere, gero El Salvadorrera etorri ziren nire ahizpa eta bere senarra, eta han ospakizun txiki bat egin genuen.
Aprobetxatu duzu etxekoekin egon eta indarrak hartzeko?
Bai. Gauza gutxi egin dut egun hauetan. Deskonektatzen saiatu naiz: lagunekin egon, familiakoekin denbora igaro… Gustura egoten naiz beti etxean.
Orain, zein helburu dituzu?
Nire helburua munduko hamar surflari onenen artean egotea da. Horretarako, beste pare bat emaitza on beharko ditut. Beti eduki dut buruan CT kategoriako txapelketa bat irabazteko ametsa, eta uste nuen Vivo Rio Pro izango zela txapelketa hori. Konfiantzaz gainezka nengoen, baina pare bat akatsengatik ezin izan nuen lortu. Final bat jokatzea ere polita izango litzateke, baina behin finalean egonda, beti nahi duzu garaipena lortzea. Beraz, CT kategoriako txapelketa bat irabaztea eta hamar onenen artean mantentzea izango lirateke aurtengo nire helburu nagusiak.