Nadia Erostarbe, gorengo mailan segitzeko txartelaren bila

Julene Frantzesena

Nadia Erostarbe uretan, Tahitin. (Hannah Anderson)

Kalifornian da surflari zarauztarra egunotan, munduko zirkuituko bederatzigarren txapelketan, Lexus Trestles Pron, parte hartzen. Bihar jokatzekoak diren lehen txandan Eden Walla gainditzen baldin badu, munduko hamalau surflari onenen artean segitzea eta munduko zirkuituko azken bi hitzorduetan parte hartzea lortuko du.

Kalifornian da Nadia Erostarbe surflari zarauztarra egunotan. Izan ere, han jokatuko dute datorren igandera bitartean Championship Tour (CT) zirkuituko bederatzigarren hitzordua, Lexus Trestles Pro txapelketa. Erostarbek proba hori baliatu beharko du mailari eusteko eta lehiatzen segitzeko; hau da, munduko surflari onenen artean segitzeko.

Hasi berri den txapelketako lehen txanda gainditzen baldin badu, munduko hamalau surflari onenen zerrendan segitzea eta munduko zirkuituko aurtengo azken bi hitzorduetan parte hartzea –Portugalen eta Filipinetan izango dira– lortuko du zarauztarrak. Gaur-gaurkoz sailkapeneko 11. postuan da Erostarbe, 23.915 punturekin, eta sailkapenean hamalaugarren den surflariak, Yolanda Hopkinsek, 18.830 puntu ditu.

Larunbat gauean zen zarauztarra San Clementen lehen txanda jokatzekoa, baina itsasoaren egoera tarteko, bihar izango du lehen hitzordua. AEBetako Eden Walla izango du txanda horretan aurrez aurrez, berez aurkari zuen Isabella Nichols min hartuta dagoelako. Erostarbek aurkari indartsua izango du parez pare; izan ere, 17 urte dituen Wallak Rip Curl GromSearch txapelketa irabazi berri du Indonesian, baita Barbadosko Surf Pro eta SLO CAL Open ere.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide