Harrera eta babesa, denboraldi historikoarekin jarraitzeko

Aritz Mutiozabal

Musika Plazatik udaletxera abiatu dira Zarauzko emakumezko arraunlariak, txistularien atzetik, eta herritarrek txalo artean aitortu diete Kontxan eginiko lana. Era berean, datorren astean jokatuko duten igoera kanporaketarako animoak eman dizkiete.

Zarautz Arraun Elkarteko emakumezkoek lehen aldiz aritu dira Kontxako Banderaren lehian, eta balentria hori opari bat gehiago izan da osatu dute denboraldi bikainaren barruan. Aurrez, Getaria-Zarautz bezala arituak ziren Donostiako estropadetan, baina aurten Zarautz bezala sailkatzea lortu du, eta sailkapen orokorrean zortzigarren postuan amaitu badu ere, zaleek egindako lana aitortu nahi izan diete. Hori horrela, gaur arratsaldean merezitako harrera jaso dute.

Musika Plazan hasi da ekitaldia, eta Enbata-ko arraunlariak udaletxerako bidea hartu dute txistularien atzetik, herritarren txaloen nahiz animo oihuen artean. Udaletxean, Xabier Txurruka alkateak eta Nagore Arruti arraun elkarteko presidenteak hartu dute hitza, eta orain arte lortutako guztiagatik zoriontzeaz gain, denboraldi historikoari ginga jartzeko azken ahalegina falta dela adierazi diete arraunlariei. Hori hala, datorren asteburuko igoera kanporaketarako animoak eman dizkiete eta zorte ona opatu.

Jarraian, arraunlari bakoitza banan-banan atera da udaletxeko balkoira Lege Zaharren Enparantzan zeuden zaleak agurtzera, eta udalbatzar aretoan familia argazkia atera baino lehen, Arrutik herritarrei gogoratu die igoera kanporaketen hitzordu garrantzitsuak berehala direla. Baita Zarautz Arraun Elkarteak Bermeora eta Portugaletera joateko autobusak antolatu dituela jakitera eman ere. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide