Kontxako Bandera pasatuta, datozen bi asteburuetan jokatuko dituzte ETE eta KAE 1 ligetatik Euskotren eta Eusko Label ligetara igotzeko kanporaketak, Bizkaiko uretan: irailaren 19an, Bermeon; eta hurrengo egunean, irailaren 20an, Portugaleten. Bi estropada horietan mailaz igotzeko aukera izango dute Zarauzko Arraun Elkarteko (ZAE) bi traineruek, bai emakumeenak, bai gizonenak.
Hitzordu horietara joateko autobus zerbitzuak antolatu ditu ZAEk, gainera. Herritarrak Enbata-k animatzera joateko xedez, bi egunetan Zarauztik joan-etorria egiteko aukera izango da autobusez. Dagoeneko zabaldu dute autobuserako izena emateko epea, eta herritarrek Lizardi tabernan, Lizardi arropa dendan, bigarren eskuko azokan nahiz hilaren 12an udaletxearen aurrean jarriko duten postuan izango dute horretarako aukera, datorren asteazkenera bitartean.
Bermeoko estropadara joateko autobusa 14:00etan aterako da Zarauztik, eta 20:00etan itzuli; Portugaletera joateko, berriz, 08:15ean abiatuko da autobusa Zarauztik, eta 14:00etan itzuliko da atzera herrira. Helduek hamabost euro ordaindu beharko dute joan-etorri bakoitza; 18 urtez azpikoek, berriz, hamar euro.