Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Zarauzko Irita eremuan babestutako etxebizitzak egitea baimendu du. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda sailak eta Zarauzko Udalak lankidetza hitzarmena sinatu dute proiektua gauzatu ahal izateko. Hain zuzen ere, 230 etxebizitza eta zuzkidura apartamentu eraikiko dituzte eremu horretan. Jaurlaritzak azaldu duenez, gaur-gaurkoz Gipuzkoan aurreikusita duten alokairu publikoko sustapenik handienetakoa izango da Zarauzkoa.
Alokairura bideratzeko babestutako 130 etxebizitza egingo dituzte, eta ehun zuzkidura apartamentu. Etxebizitza horiek eraikitzeko eta eremua urbanizatzeko 34,6 euroko aurrekontua baliatuko dute, eta proiektua 2030ean gauzatzea aurreikusten dute. Gauzatu duten hitzarmenaren arabera, Zarauzko Udalak doan eta kargarik gabe –hirigintzakoak salbu– lagako dio Eusko Jaurlaritzari 4.356 metro koadroko eremua, baita komunitatearen ekipamendurako 1.644 metro koadroko partzela ere.
Alokairura bideratuko dituzten 130 babestutako etxebizitzen erdiak 36 urtetik beherako herritarrentzako izango dira. Era berean, urtean 20.000 euro eta 46.000 euro arteko diru sarrerak dituzten bizikidetza unitateentzako gordeko dituzte etxeen %30, Jaurlaritzak esan duenez, merkatu librean etxebizitza bat lortzeko zailtasunak dituzten familietara ere irits dadin etxebizitza publikoa. "Etxebizitza horiek Zarauzko jendearentzat benetako aukera izatea nahi dugu. Bereziki, emantzipatu eta beren bizi proiektua beren udalerrian garatu ahal izatea behar duten gazteentzat, baina baita langile klase ertainentzat ere, diru sarrerak izan arren, asumitu ezin dituzten etxebizitza prezioekin egiten baitute topo. Etxebizitza publikoak bi errealitateei erantzun behar die", erantsi du Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak.
Ehun zuzkidura apartamentuei dagokienez, bost urteko txandakako erregimena izango dutela ere zehaztu du erakundeak dagoeneko. Aldi baterako egoitza premiei erantzun ahal izateko eta bizitzako une jakin batean bizitoki irtenbidea behar duten pertsonentzako izango dira horiek. Hala zehaztu du Itxasok: Zuzkidura apartamentuek baliabide malgua eta txandakakoa sortzeko aukera ematen dute".
Urbanizazio lanak ere bai
Etxebizitza eta Hiri Agenda sailak bere gain hartuko ditu Irita eremuko etxebizitzen eraikuntza ez ezik, urbanizazio obra jakin batzuk. Besteak beste, bide sarea eta espazio libreak egitea, eta eremu horretan gaur egun dagoen oinezkoentzako pasabidea ordezkatzeko ibilgailuentzat bi norantza izango dituen zubi bat eraikitzea; zubi horrek Indamendi eta Maria Etxetxiki kaleak lotuko ditu. Halaber, aparkaleku plazak ere egokituko dituzte eremu horren inguruan. Lan horiek 2,5 milioi euroko aurrekontua izango dute.
Itxasok azken bi urteotan Jaurlaritzaren eta Zarauzko Udalaren artean izandako lankidetzari balioa eman dio, eta hitzarmenak aurrerapauso "garrantzitsua" ematea ahlbidetuko duela esan du, etxebizitzak "ahalik eta azkarren" egiteko. Gainera, sailburuak bereziki azpimarratu du Zarauzko Udalak lurzoruak doan lagatzeko duen konpromisoa: "Udalek lurzorua doan lagatzeak aukera ematen digu erantzun publikoa bizkortzeko".
Parke publikoa, handitzen
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, azken hamar urteetan bi erakundeek hainbat etxebizitza publiko eraiki dituzte Zarautzen: zehazki, 198. Hain zuzen ere, babestutako hamazazpi etxebizitza Aldapetan, 60 zuzkidura apartamentu Salberdinen, babestutako alokairurako 91 etxebizitza Salberdinen, babestutako 25 etxebizitza Azken Portu-Lanpardon eta bost Iñurritzan.
Herrian babestutako etxebizitzen bilakaerak administrazioen arteko lankidetza islatzen duela uste du Itxaso sailburuak. Izan ere, duela hamar urte udal titulartasuna zuten alokairu publikoko hamasei etxebizitza zeuden Zarautzen. Orain, Iritako proiektuarekin Zarauzko bizitegi merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonei eta familiei zuzendutako etxebizitza babestuen eskaintza handituko dute.
2023an hasitako prozesua
2023ko urtarrileko udalbatzarrean onartu zuten Zarauzko Udalean ordezkaritza duten EAJk eta PSE-EEk Iritako eremuan indarrean zen hirigintza plana aldatzea, eta proiektuak aurkezteko saio irekiak egin ostean, aldaketa horri behin betiko onarpena 2024ko uztailean eman zioten. Joan zen uztaileko udalbatzarrean, berriz, eremu horretan eragiteko eta Jaurlaritzari lurrak lagatzeko hitzarmena onartu zuten, udalbatza osatzen duten alderdi guztien aldeko bozekin.