Villa Elizabethen eraikigarritasuna handitzeko Plan Orokorrean aldaketa egitea onartu dute behin-behinean

Intza Trula 2026ko uztailaren 29a

Uztaileko ohiko udalbatzarra, atzo, udaletxeko pleno aretoan. (Intza Trula)

2025eko urrian egindako ohiko udalbatzarrean hasierako onespena eman zioten Talaimendi eremuko Villa Elizabeth lursailaren eraikigarritasuna handitzeari, eta proposamena jendaurrean jarri zuten. Denbora horretan bost alegazio jaso zituen udalak, baina atzoko bilkuran baliogabetu egin zituzten. Horrez gain, Iritan babes publikoko etxebizitzak eraikitzeko hitzarmena sinatzea ere onartu zuten, eta EAJk eta PSE-EEk ertzainen aurkako mehatxuak gaitzesteko mozioa aurkeztu zuten.

Uztaileko ohiko udalbatzarra egin zuten atzo arratsaldean udaletxeko pleno aretoan, eta bertan hainbat gai jorratu bazituzten ere, etxebizitza izan zen protagonista nagusia. Esaterako, Villa Elizabeth eremuaren eraikigarritasuna handitzeko Plan Orokorrean aldaketak egitea onartu zuten behin-behinean, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin, EH Bildu aurka agertu baitzen.

Hain zuzen, udalak 2023ko abenduan abiatu zuen Plan Orokorraren aldaketa hau. Erakundeak hirigintza hitzarmen bat sinatzeko prozesua hasi zuen urte hartan, Talaimendi eremuko Villa Elizabeth lursailaren eraikigarritasuna 610 metro karratutatik 2.000 metro karratutara handitzeko helburua zuena. Horren trukean, udalak 10 mila metro koadroko lursail bat jasoko luke, urbanizaezina dena. Zehazki, eremu horretan luxuzko hemezortzi etxebizitza pribatu eraikitzea da asmoa. Hitzarmena 2024ko urtarrilean sinatu zuten udalak eta lurzatiaren jabetzaren ordezkariek, eta 2025eko urriko udalbatzarrean hasierako onespena jaso zuen, EAJren eta PSE-EEren babesarekin, EH Bilduk aurka bozkatu baitzuen.

Denbora batez jendaurrean egon da proposamena, eta atzoko udalbatzarrean jakitera eman zutenez, tarte horretan bost herritarrek aurkeztu dute alegazioa denbora barruan, eta beste batek epez kanpo. Idazkariak puntua aurkezterakoan argitu zuenez, alegazio horiek guztiak "oro har proiektuaren aurka doaz, uste dutelako ez dagoela aldaketa hori justifikatzen duen interes publikorik, eta onura bakarra partzelaren jabegoari dagokiola, ingurumen eta gizarte ondorio kaltegarriak eraginez". Dena den, alegazio oro atzera bota dutela jakinarazi zuten.

Garazi Olaizola EH Bilduko zinegotziak gogor kritikatu zuen aldaketa puntuala, eta HAPOaren aldaketa orokorra eskatu zuen. Villa Elizabethen eraikigarritasuna handitzeari dagokionez, Olaizolaren esanetan, "hirigintza plangintzak ez dio jabetza pribatuaren espektatiba ekonomikoei erantzun behar, interes orokorrari, lurralde kohesioari, eta lurzoruaren funtzio sozialari baizik". Ildo horretatik, ondorengo galdera luzatu zuen Olaizolak: "Beharrezkoa al da Villa Elizabethen eraikigarritasuna hirukoiztea?". Berak botatako galdera erantzunez, ondorengoa esan zuen: "Ez dago etxebizitza tasaturik, ez babesturik, ez alokairu eskuragarririk ere".

Hori horrela izanik, zinegotziak azpimarratu zuen beraien ustetan aldaketa honek ez diola "Zarauzko etxebizitza premia sozialari erantzuten, baizik eta merkatu libreko eskaintza garestitzen da soilik". Udalak trukean jasoko duen lurzatiaz ere mintzatu zen, eta esan zuen ez duela interes publikoa bermatzen. "Lurzatia urbanizaezina da, dagoeneko babestua dago, eta udalaren eskuetara pasatzean ez da haren babes maila handituko".

EAJko Hirigintza eta Partaidetza zinegotzi Garbiñe Oiarbidek, aldiz, esan zuen "hirigintza jarduketa batean interes pribatua egoteak ez duela automatikoki interes publikoa baztertzen. Hirigintzaren zati handi bat jabetza pribatuetan gauzatzen da, eta normala da jabeak etekin bat eskuratzea". Horri lotuta, beraz, zioen HAPOaren aldaketa puntual honek baduela interes publikorik: "Udalak 10 mila metro koadroko lursail urbanizaezin bat jasoko du, Iñurritzako biotopoaren eta Iritako hezegunearen arteko leku estrategiko batean, hori da interes publikoa". Oiarbidek gehitu zuen lurzoru hori eskuratzeak udalari aukera emango diola "eremu estrategiko horren etorkizunean eragiteko". Zinegotziak azpimarratu zuen lursail hori "zarauztar guztiontzat" izango dela, "eta zarauztarrok erabakiko dugu bertan zer egin".

PSE-EEko bozeramaile Inaxio Illarramendik Oiarbidek esandakoa babestu zuen. Adierazi zuen PSE-EEk begi onez ikusten duela udalak lursailaren jabeekin egindako trukea: "Ingurumen balio handiko 10 mila metro koadroko lurzatia jasoko du udalak, euro bat ere gastatu gabe, hori ez bada interes publikoa, ez dakit zer den...". EH Bilduren aurka ere jo zuen zinegotziak: "Nik dakidala EH Bilduk beti egin du lurzoru publikoak eskuratzearen alde, eta orain proiektu honen aurka egotea ez dut ulertzen".

Iritako hitzarmena

Horrez gainera, Zarauzko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmen bat sinatzea ere bozkatu zuten atzokoan. Aurrera egin zuen proposamenak, aho batez. Hain justu, Iritan alokairu sozialeko 130 etxebizitza eta 100 zuzkidura etxebizitza eraikitzea sustatzen du hitzarmen honek. Kasu honetan, udalak doan eta kargurik gabe emango dio Iritako lurzatia Eusko Jaurlaritzari, eta hark bere gain hartuko ditu eremua urbanizatzearen eta bertan eraikitzearen ardura eta kostua.

Oiarbideren esanetan, hitzarmen hau "urrats garrantzitsua da Zarautzen etxebizitza eskuragarri gehiago eraikitzeko bidean". Etxebizitzak ez ezik, eremuaren urbanizazioa ere egingo dela jakinarazi zuen berak, espazio publiko berriak sortuz. Indamendi eta Maria Etxetxiki kaleak lotuko dituen bidea ere egingo dutela gaineratu zuen. Kontatu zuenez, proiektuaren helburua da "bizitzeko auzo erakargarri eta integratua sortzea".

Inaxio Illarramendik azpimarratu nahi izan zuen Irita Zarautzen azken denboran eraiki den babes publikoko proiekturik "handiena" dela, eta, haren ustez, "aukera emango die herritarrei, langileei eta gazteei Zarautzen bizitzeko". Illarramendik zioen "Zarauztarrek beraien bizi proiektuak Zarautzen gauzatu ahal izatea" nahi duela PSE-EEk, eta Irita bezalako proiektuek horren alde egiten badute ere, alderdiak uste du hori "ez dela nahikoa". Horregatik, Zarautz eremu tentsionatu izendatzea eskatu zion berriro ere udal gobernuari.

EH Bilduk ere hitzarmenaren aldeko jarrera erakutsi zuen. Olaizolak esan zuenez, "hitzarmen oso garrantzitsua" da. "Etxebizitza eredu duin eta sozial baten alde egiten du lan, eta hori da gure lehentasuna. Hau da EH Bilduren etxebizitza politika". Ildo beretik, Olaizolak esan zuen Iritako proiektua dela "Zarautzek behar duen norabidea". Alegia, "administrazio publikoen arteko lankidetza, lurzoru publikoaren erabilera soziala eta alokairu babestua" uztartzen dituen norabidea. Gainera, PSE-EEk egin bezala, Zarautz eremu tentsionatu izendatzeko beharra jarri zuen mahai gainean, eta horretarako pausuak eman ditzan eskatu zion udal gobernuari. "Eraikitzearekin bakarrik ez da konponduko arazoa".

Ertzainen aurkako mehatxuak

Etxebizitzarekin zerikusirik ez zuen gairik ere jorratu zuten atzoko bilkuran. Udalbatzarreko azken puntuan, esaterako, EAJ eta PSE-EE udal taldeek mozio bateratua aurkeztu zuten: ertzainei egindako mehatxuak gaitzesteko mozioa, hain justu. EH Bilduk gai beraren inguruko mozioa aurkeztu nahi izan zuen udalbatzarrean, baina denboraz kanpo aurkeztu zuenez, ezin izan zuten bozkatu.

Oiarbideren eta Illarramendiren artean aurkeztu zuten mozioa. Oiarbiderek salatu zuenez, "ohikoak dira herri honetan iraganean bizi izan genituen garai ilunak gogorarazten dizkiguten jarrerak eta keinuak". Horren adibide gisa, esan zuen azkenaldian ertzainei, udaltzainei eta lanpostu hauetarako oposaketak prestatzen ari diren gazteei zuzendutako "hainbat eraso, mehatxu eta seinalatze" gertatu direla "zenbait kolektibo eta pertsonaren eskutik". Horri lotuta, duela gutxi Gernikan (Bizkaia) gertatutakoa azaldu zuen EAJko zinegotziak: "Uztaileko egun hauetan hainbat ertzain iraindu eta mehatxatu dituzte, eta oraingoan, gainera, haien familia etxebizitzak erabili dituzte mehatxu horiek egiteko".

Gertakarien aurrean, Oiarbidek azpimarratu nahi izan zuen "herritarren bizikidetza eta segurtasuna gizarte demokratiko baten funtsezko zutabeak" direla, "eta Ertzaintza zein Udaltzaingoa funtsezko elementuak dira gure segurtasuna bermatzeko". Horrez gainera, esan dituen gertakari horiek "giza eskubideen urraketa larria suposatzen duten jazarpen indarkeria bezala kalifika" daitezkeela, eta "jarrera guztiz antidemokratikoak" direla. Zinegotziaren ustetan, "ezinbestekoa da erakunde guztiek eta hauetako arduradun publikoek gertatutakoa irmoki salatzea eta gaitzestea, horrelakorik gehiago gerta ez dadin".

Illarramendik, gertatutakoa "irmoki salatzeaz eta gaitzesteaz" gainera, esan zuen Zarauzko Udalak "herritarren eskubide eta askatasuna errespetatzean eta bultzatzean eta horrek dakartzaten betebeharrak betetzean oinarritutako bizikidetza eredua" babesten duela, "betiere, indarrean dagoen lege esparrua errespetatuz".

Illarramendik argitu nahi izan zuen mozio honen helburua ez dela "erakunde bat ukiezin bilakatzea". Zera gehitu zuen: "Honek ez du esan nahi Poliziaren jarduketak beti egokiak direnik, eta demokrazian jarduera publiko oro fiskalizatu egin behar da". Hori horrela, "Zarautzen kritikatu, desadostasuna adierazi edo protesta egin" daitekeela esan zuen, "baina ezin da pertsona bat bere lanbideagatik mehatxatu".

Ion Arozena EH Bilduko zinegotziak "alternatiba mozio" bat aurkezteko nahia adierazi zuen jarraian. Haren hitzetan, EAJren eta PSE-EEren mozioak "mezu sinpleegia" helarazten du. Esandakoa arrazoitzeko asmoz, ondorengoa esan zuen: "Elkarbizitzaz hitz egiten duzue, baita bizikidetzaz ere. Elkarbizitza demokratikoan pertsona guztiek beraien bizitza pertsonal eta profesionala mehatxurik, indarkeriarik, seinalamendurik eta intimidaziorik gabe gauzatzea eskatzen da, eta horrekin bat egiten dugu. Horregatik, Ertzaintzaren, Udaltzaingoaren, ordezkaritza publikoaren zein beste pertsonen aurkako mehatxu, indarkeria, seinalamendu zein intimidazioak gaitzesten ditugu, hau da, ogibideagatik egiten diren seinalamenduen aurka gaude". Halere, zinegotziak salatu zuen "zenbait politikarik Ertzaintzaren inguruan instrumentalizazio alderdikoia" egiten dutela: "Erabilera anker horrek ez du helburu Ertzaintza babestea, bizik eta alarma, polarizazioa eta estigmatizazioa sortzea, eta honekin aldeak edo bandoak sortzea".

Arozenaren iritziz, elkarbizitzaren aldeko apustuak "bi ekintzak salatzea eskatzen du, biak ala biak elkarbizitzaren aurkako jarrera gisa salatzea, eta mozio honetan ez da egiten". Azken boladan herrian "azaleratzen ari den sakoneko arazo bat" ere aipatu zuen zinegotziak: "Egun Ertzaintzan eta polizia gorputz batzuen jokabide askok herritarrak polizia autonomikoarengandik gero eta urrunago egotea dakar".

'Nao Victoria'

Uztaileko ohiko udalbatzarra amaitzearekin batera, herritar batek hartu zuen hitza pleno aretoan: Sebas Martijak. Berak urteak daramatza aztertzen Juan Sebastian Elkanok mundu bira egin zuen Nao Victoria ontzia Zarautzen eraiki zela, nahiz eta historialari eta akademiko askok ez dioten horri oinarri historiko sendorik ematen. Horren kontrara, atzoko plenoan bere hipotesia berresten duen froga adierazgarri bat partekatu nahi izan zuen udalbatzarraren aurrean. 1564. urtean Juan Martinez Zaldibiak idatzitako eskuizkribu batek ziurtatzen duela itsasontzia Zarautzen eraiki zela. "Hamazazpi urteko bilaketa inolako laguntza ofizialik gabe", zioen hunkituta. Horri lotuta, Martijak Getariako Udalari eskaera bat egin zion: Nao Victoria ontziaren maketa Zarautzera ekar dezaten.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide