Zarauzko Udalbatzak Irita eta Amullubi eremuetako hirigintza planaren aldaketa behin betiko onartu zuen herenegun, uztaileko ohiko osoko bilkuran. EAJren eta PSE-EEren uda taldeen babesari esker egin zuen aurrera aldaketak; izan ere, aurka bozkatu zuen EH Bilduk. Joan den urteko urtarrilean eman zioten hasierako onespena eta orduan ere aurka agertu zen koalizioa.
Aldaketa onartuta, udalak nabarmendu zuen aipatu eremuetan 295 etxebizitza eraikitzeko proiektuari bidea ireki diotela. Iritan Babes Ofizialeko alokairuko 130 etxebizitza eta 100 zuzkidura bizitoki inguru eraikiko dituzte eta Amillubin 20 etxebizitza tasatu eta 45 libre. Hain justu, azken etxebizitza libre horiek eraman zuten EH Bildu ezezkoa ematera; izan ere, argudiatu zuen "lurrak herriarenak" direla eta jabetzari eutsi beharko lioketela.
Garbiñe Oiarbide Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak, bere aldetik, azpimarratu zuen "Zarautzen inoiz izan den babestutako alokairuko etxebizitza eskaintzarik handiena" ahalbidetuko duela herenegungo plenoan onartutako aldaketak. Horren harira, hain hustu, Xabier Txurruka alkateak jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailarekin izandako bileraren honek berretsi ziola Iritan eraikiko dituzten "babesturiko etxebizitza guztiak babestutako alokairura bideratzeko asmoa" dutela.
Horrez gain, udalak gogoratu zuen hirigintza planaren aldaketak etxebizitza berriak eraikitzea ez ezik, Amillubiko eremuan autobus geltoki berria egitea ere ahalbidetuko duela. Gaur egun udal brigdaren eraikina dagoen tokian eraikiko dute eta Abendañoko autokarabana parkinga dagoen partzelara lekualdatuko dute brigadaren egoitza.